Presoak

Frantziak hiru euskal preso Espainiaratu ditu gaur

Iñaki Telletxea, Xabier Irastorza eta Markos Sagarzazu ordubiak aldera iritsi dira Madrilgo Barajasko aireportura, Espainiako Poliziak zainduta. Astelehenean deklaratuko dute Baltasar Garzon epailearen aurrean.

2007ko abuztuaren 3a
17:29
Entzun
Frantziak Espainiako Auzitegi Nazionalaren esku utzi ditu gaur Iñaki Telletxea, Xabier Irastorza eta Markos Sagarzazu euskal presoak. Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epaileak egin zuen eskaera, eta Paueko Apelazio Auzitegiak (Frantzia) ekainaren 15ean onartu zuen. Garzon oporretan da astelehena arte, eta, ondorioz, haren ordezkapena egiten ari den Santiago Pedrazek aginduko du espetxeratzea. Astelehenean deklaratuko dute Garzonen aurrean.

Hiru euskal presoak Hendaian (Lapurdi) atxilotu zituzten, martxoaren 13an, Garzonen euroagindu bati erantzunez. ETAko kide izatea eta 1995ean hainbat lehergai jarri izana leporatzen die. Beren kontrako akusazioak atxilotu batek torturapean egindako deklarazioetan oinarritzen direla salatu dute behin eta berriro hiru presoek.

APERRIBAIREN KONTRAKO EUROAGINDUA. Bestalde, Pablo Aperribai basauriarraren aurkako euroaginduaren azterketa atzeratu egin du Paueko Apelazio Auzitegiak. Atzo zen gauzatzekoa. Espainiako Auzitegi Nazionalak ETAko kide dela egozten dio.

Lannamezan herrian atxilotu zuten Pablo Aperribai, uztailaren 25ean. Iturri batzuen arabera, auto bat lapurtzera zihoala atxilotu zuten; beste iturri batzuek, polizia kontrol batean atxilotu zutela zioten. Atxilotuak ez zeukan dokumentaziorik atxilotu zutenean, ezta armarik ere. Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroak esan zuenez, 2005etik ihes eginda zegoen, eta urte hartan, Aperribai atxilotzeko agindua eman zuen Garzon epaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.