Josu Urrutikoetxearen auzia

Frantziako auzitegien erabakiei «erabateko errespetua» azaldu die Grande-Marlaskak

Frantziako Dei Auzitegiak euskal presoa askatzea erabaki du, eskumuturreko telematikoa ezarrita. Bake Bideak «perspektiba berriak irekitzeko», irailaren 19rako mobilizazio egun bat antolatu du.

Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroa, astelehenean. CHEMA MOYA / EFE
Oihana Teyseyre Koskarat.
2020ko uztailaren 2a
11:10
Entzun

Frantziako Dei Auzitegiak Josu Urrutikoetxea euskal presoa aske uztea erabaki zuen atzo —aurrez, askapena eskatu zuen fiskalburuak—, eta Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroak gaur esan du itxaron beharra dagoela ea auzitegiak hilaren 29an erabakia berresten duen edo ez, eta azaldu du presoaren askapena ez dela «behin betikoa». Edozein kasutan, Frantziako auzitegien erabakiei «erabateko errespetua» adierazi die Grande-Marlaskak, eta Frantziako eta Espainiako estatuetako autoritateen arteko lankidetza «ezin hobea» goretsi du.

Algecirasen (Andaluzia, Espainia) mintzatu da Barne ministroa, Gibraltarko segurtasun plangintzari buruzko bilera baten ostean.

Bake Bideak ministerio publikoaren jarrera «txalotu» du

Bake Bideak baikorki hartu du Dei Auzitegiko fiskalburuaren jarrera: «Ministerio Publikoaren jarrera txalotzen dugu, espero izanez kartzela politikaren inflexio puntu bat izanen dela. Konbentzituak gara kartzela politika Euskal Herriko bake prozesuan egin diren urratsez elikatu behar dela». Ondoko hilabeteetan jarrera hori egonkortu beharko litzatekeela esan du. «[Frantziako] kartzela politikak Euskal Herriko bake prozesuaren aitzinamenduak kontuan har ditzan eskatzen dugu. Josu Urrutikoetxea bezala, Jakes Esnal, Frederic Haranburu eta Jon Kepa Parot eta eri diren beste presoak askatuak izan daitezen eskatzen dugu berriz ere». Herritarrak mobilizatzera deitu dituzte datorren irailaren 19rako, «perspektiba berriak» irekitzeko asmoz.

Nicole Belloubet Frantziako Justizia ministroaren hitzak ekarri ditu gogora Bake Bideak. «[Frantziako] Gobernuak erabakitzen du nazioaren politika eta, beraz, kartzela politika... », esan zuen Belloubetek, eta «prokuradoreei agindu orokorrak» ematen ahal dizkiela ere berretsi zuen, «ondotik, aplika ditzaten». Hala, Urrutikoetxearen dei auzian izandako jarreraren ildotik segitzeko eskatu diote Frantziako Gobernuari.

EH Baik eta EH Bilduk baikortzat jo dute Urrutikoetxearen zaintzapeko askapena onartu izana. Hala ere, azken hilabeteetan, «hainbat auzitegi eta fiskaltzek adierazitako jarrera hetsia eta mendekatzaileak» sortu dituen «kezka eta haserreak» salatu dituzte. «Presondegiak husteko garaia den honetan, joan den astean Mikel Barrios presondegira kondenatu zuten Parisen, eta, Jakes Esnal berriz, heriotzara kondenatu. Ezin dugu hori onartu, Josu Urrutikoetxea bezala, Jon Parot, Jakes Esnal, eta Frederik Haranburu Xistor aske eta gure artean nahi ditugu», aldarrikatu dute.

AVTk ez du begi onez ikusi Josu Urrutikoetxea baldintzapean aske uztea; «ihes egiteko» arriskua duela esan dute. 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.