Hezkuntza

Frantziako Eskola Karta berriro aztertzeko eskatu dute

Iparraldeko Euskal Kulturaren Aldeko Herriarteko Sindikatuak egin du eskaera. Mozio bat onartu dute.

2007ko martxoaren 15a
17:53
Entzun
Frantziako Estatuko Hezkuntza publikoko Eskola Kartak heldu den ikasturtean Ipar Euskal Herriko 27 ikastetxetan eragina izanen du, murrizketak eginen dituztelako, eta Euskal Kulturaren Aldeko Herriarteko Sindikatuak horren aurka mozioa aurkeztu du eta bertako kide denek onartu egin dute, aho batez. Eskola Karta "berriro aztertzeko" eskatu dute. Hedabideen aitzinean egindako agerraldian izan dira, besteak beste, Vincent Bru Kanboko auzapena eta Herriarteko Sindikatuko presidentea, Xabi Larralde Batasuneko mahaikidea eta Baionako zinegotzia, Ramuntxo Kanblong EAJren IBBko kidea eta Angeluko hautetsia, eta Daniel Landart Euskal Kultur Erakundeko (EKE) zuzendariordea.

Hezkuntza publikoaren "koherentziarik eza" kritikatu dute, batetik. Izan ere, orotara 11,5 frantses irakasle gutxiago egonen dira heldu den eskola sartzean eta 2,5 euskara irakasle gehiago. Iaz, berriz, frantseserazko 8,5 postu kendu zituzten eta 7 euskara irakasle sortu.

Eskola Kartan euskararen irakaskuntzak behar dituen berezitasun pedagogikoak kontuan ez direla hartzen ere erran dute eta, berezitasun hori bermatzeko, lanpostuak aldatzeko Frantziako Hezkuntza publikoko irizpideak aldatu behar direla adierazi dute.

Frantziako Estatuko hizkuntz gutxituetako herrien arteko urteko topaketa aurten Ipar Euskal Herrian egitea egokitzen da. Orain arteko topaketeten ondorioz, Estatuari zuzendutako mozioak egin izan dituzte herriotako ordezkariek, eta gero ere egingo dituzte. Orain arte EKE izan da antolatzaileetakoa baina, hemendik aitzina, Euskal Kulturaren Aldeko Herriarteko Sindikatuak antolatuko du, topaketei berme publikoa emateko asmoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.