EMAKUMEA

Frantziako Gobernuak berdintasuna lortzeko lege egitasmoa aurkeztu du

Bost urteko epean hilabete sarietan gizon eta emazteek eskuratzen dituzten sariak berdintzea da proposamenaren helburuetako bat

Erredakzioa
BAIONA
2005eko maiatzaren 11
00:00
Entzun


Lan munduan emazte eta gizonen arteko parekotasuna eta berdintasuna bermatzea bilatzen duen lege egitasmoa aurkeztu zuen atzo Nicole Ameline Frantziako Lanbide Parekotasunaren eta Berdintasunaren ministroak. Hainbat arlotan, bost urteko epean hilabete sarietan gizon eta emazteek eskuratzen dituzten sariak berdindu nahi ditu.

«Soldata mailako ezberdintasunak ezabatzeko urrats sendoak egin behar ditugu eta horretarako legean barneratu ditugu ezberdintasunak eragiten dituzten faktoreak: amatasuna, enplegua edota zerbitzu publikoetako aginte postuetara emazteak heltzea erraztu nahi dugu», adierazi du Amelinek.Lanaren ordainketa da lege egitasmoaren ardatz nagusia. Ezberdintasun horiek ezabatzeko diagnosia burutu nahi du Frantziako Gobernuak, sail ezberdinetan. Bost urteko epean soldata mailako ezberdintasunak ezabatzea da helburua. Lehen unean adostasuna lortu nahi dute gizarte eragileekin. Horrela ez balitz, sindikatu bati emanen lioke plangintza egiteko erantzukizuna; ezinezkoa balitz, dekretuz arautuko luke emazteen soldaten emendatzea.Lehen urratsa bete ondoren, egindako aitzinamenduen bilana egin nahi du Frantziako Gobernuak. Helburuak bete ez dituzten enpresei zerga berezi bat ezartzeko aukera aipatzen du lege egitasmoak. Hala ere, oraindik ez da zehaztu zein heinetakoa litzatekeen zerga hori, ezta ere enpresei merkeagoa aterako ote zaien legea betetzea edo zerga ordaintzea. Izan ere, Ingurumenaren arloan izan diren esperientzien ondoren, sinesgarritasun eza leporatu diote ezkerreko alderdiek lege egitasmoaren puntu honi.

Enplegua eta amatasuna

Enpresek amatasuna kontuan hartu behar dute, joan den martxoan onartu zen hitzarmenaren ondorioz. Alta, amatasun oporrei lotutako lan uztearen ondorioz sortzen dira soldata mailako ezberdintasun anitz enpresetan. Lege egitasmoak ezberdintasun horiek indargabetzea lortu nahi du.

2004ko ekainaren 2an kasazio gorteak hartu erabakiaren ondorioz, emazte batek opor garaian egokitzen bazaio haurra izateagatik dagokion amatasun lanuztea, urteko oporrak eskuratzeko eskubidea ukanen du gero, hots, ez lituzke oporrak galduko.Amatasun oporraldiekin sortu oztopoak ezabatzeko, emazteen presentzia handitu nahi du erakunde publikoetan berritu behar diren zuzendaritza eta administrazio kontseiluetan. Emazteen presentziak amatasunari dagozkion oporraldien trataera orekatzea ekarri beharko luke. Emazteek soldata emendatzea ukanen dute amatasun oporraldietan. Eragileek lortuko ez balute, bere lanpostuan izan den batez besteko emendatzea emanen diote emazteari. Gisa berean, stock-options gisako sarien jarraipen zorrotzagoa eginen dute. Anitzetan, soldata emendatzearen ordez, urte bukaerako irabazien partea ematen zaiolako hainbat langileri. Gauza bera enpresaren barruan ukan ditzaketen parte edo akzioekin. Neurri berak egokituko zaizkie haurren adopzio kasuetan oporraldia hartu duten emazteei.Lehia handia pairatu behar duten enpresa txiki eta ertainen kasuan, laguntzak emanen zaizkie amatasun oporraldiak hartzen dituzten emazteak ordezkatzeko. Laguntza horiek 400 eurora mugatuko dira, urtebeteko epean. Horretarako hamasei milioi euroko aurrekontua osatu behar du Frantziako Gobernuak.Oporraldien ondotik lanbidera itzultzeko formakuntzak segitu behar dituzten emazteei dirulaguntza handiagoak emanen zaizkie, haurrak zaintzeko pertsonak ordaintzeko, besteak beste. Orain arteko laguntzak %10 emendatuko lirateke.Legea indarrean sartu arte, lan munduan emazte eta gizonen arteko berdintasuna bultzatzen duten enpresen labela ere sortuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.