Frantziako gobernu sozialistak ez du delitu txikiei amnistia emateko proposamena aztertuko. 2012. urtea baino lehen egindako delitu txikientzako eta oraindik bete ez diren zigor txikientzako amnistia xede bat aztertzea proposatu zuen Jean Marie Delarue Frantziako espetxeetako ikuskari orokorrak. Proposamena entzun orduko, txostena aztertu gabe, horretarako asmorik ez duela jakinarazi dio Frantziako Gobernuak.
Gobernuak joan, gobernuak jin, Frantziako presondegietako arazoa ez dute konpontzen. Gaur egun, betetze tasa %117,3koa da Frantzian. Delarueren arabera, Frantziak 67.073 preso zituen 2012ko maiatzaren 1ean, har dezakeen gehieneko kopurua 57.170 presokoa delarik. Egoera ez dute konpontzen, alderantziz baizik. Nicolas Sarkozy Frantziako presidente ohiak indarrean ezarritako politikaren ondoren, legeak zorroztu dira, eta bete beharreko gutxieneko zigorrak ezarri dizkiete delitua errepikatzen duten pertsonei. Azken hilabeteotan preso kopurua emendatu da, eta sistemak zailtasunak ditu preso gehiago sartzeko gainezka dauden espetxeetan.
Dominique Perben Frantziako Justizia ministro ohiak 13.200 toki gehiago eraikitzeko xedea bultzatu zuen, baina, hala ere, ez dute lortu espetxeek gainezka ez egitea. Delaruek erran du politika eraginkorra plantan ezarri ahal izateko preso kopurua espetxeen harrera gaitasunarekin orekatu behar dela. Horretarako «kontagailua zeroan» ezartzea proposatu du. Gaur egun, urte luzeak pasa daitezke presoaren kontrako zigorra eman eta espetxera sartzen den artean. Zigor horiek betearazten direlarik presondegietako kopuruak gainezka egiten duela nabarmendu du Delaruek. Hori saihesteko, zigorrak ebazpena eman bezain laster betetzea proposatu du. Horretan oinarritu du eskaria. 2008an hartu zuen kargua Delaruek.
Gatazkak saihestea
Toki baino preso gehiago egoteak espetxeetan liskarrak eragiten dituela nabarmendu du ikuskariak. NPB Nazioarteko Presondegietako Behatokiak behin baino gehiagotan salatu du espetxeetako gainpopulazioa eta horrek dakartzan ondorioak. Delaruek bere egitasmoan bildu ez duen bertze proposamen bat ere egin zuen, buruko eritasunak dituzten presoak espetxeetatik atera eta osasun etxeetan artatzeko.
Christian Taubira Frantziako Justizia ministroak onartu du arazoa, eta azaldu du hori konpontzea lehentasuna dela. Alta,Delphine Bathok jakinarazi du «okerreko keinua» litzatekeela delinkuentziaren aurkako borrokan —hark du zigorrak betetzearen ardura—. Amnistia eta gisako neurri «mekanikoen» ordez epe ertainerako eta luzerako proposamenak landuko dituela azaldu du.
Onartu du presondegietako egoera larria dela; baina epe ertainerako neurriak hobetsi arren, ez ditu zehaztu, ez denboran eta ez eraginean ere. Delaruek, berriz, galdera zehatzak egin ditu. Droga mendekotasuna duten presoen kasuan, adibidez, espetxeak egoera hori gainditzeko baliagarri diren galdetu dio, nabarmenduz lapurretak egitearen arrazoia mendekotasuna dela eta ez libre gelditu ondoren aberastea.
Kasu horretan, espetxeak mendekotasun hori gainditzeko bidea eman behar lioke presoari, gaur egun gertatzen ez dena. Alta, Sarkozyren garaian biziki ahuldu dira espetxeetan plantan zeuden gizarte zerbitzuak. Erietxe psikiatrikoak ixtearen ondorioz, han egon beharko luketen hainbat pertsona preso daude orain. Presoen egoera psikikoa gero eta txarragoa dela nabarmendu du NPBk.
Frantziako Gobernuak ez du aztertuko amnistia xedea
Frantziako presondegi sistema gaindituta dagoelako, ikuskari orokorrak amnistia ematea proposatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu