Deskonfinamendutik geroz, koronabirusaren aitzinean zaurgarri zirenei etxeratze baimena ematen ahal zien medikuak. Eritasun anitz sartzen ziren baimena lortzeko irizpideetan; eta, horren bidez, telelana egiten ahal zuten eriek. Lanbideagatik telelana egiten ahal ez zutenek, langabezia partziala eskuratzen ahal zuten. Bestalde, pertsona zaurgarri batekin bizi diren langileek ere lor zezaketen etxean egoteko baimena. Frantziako Gobernuak ordea, «birusarekin bizitzen ikasi beharra» azpimarratu du azken hilabeteetan, eta ekonomia berriz bultzatzeko asmoz, lanera itzultzeko dinamika bultzatu du.
Hala, zaurgarri direnek pandemiagatik lan geldialdia lortzeko irizpideak murriztu ditu gobernuak. Oraindik goiti, lau patologia baizik ez dira sartzen irizpide horietan: minbizia, immunoeskasia, 65 urtetik gorakoen diabetea —erretretarako adin legala 65 urte da Frantziako Estatuan—, eta giltzurrun eskastasuna edo dialisia dutenak. Alta, beste gaitz frankok eragiten dute zaurgarri izatea; hala nola bihotzeko eritasunek, asmak eta obesitateak, besteak beste.
Koronabirusak jota Frantziako Estatuan hil direnen zerrenda begiratuta, bihotzeko eritasunak dituztenek irudikatzen dute kopururik handiena: %34; arnas eritasunengatik zaurgarri zirenak %13 dira hildakoen artean.