Frantziako Gobernuak Poly Implant Prothèse (PIP) titi inplanteak dituztenei kentzeko "aholkatu" die gaur goizean, osasunerako kaltegarriak izan daitezkeelakoan. Osasun Ministerioak zehaztu du ez dutela minbizia eragiteko arrisku gehiagorik sortzen, baina hausteko eta minberatzeko arriskua badutela, eta ondorioz berandu baino lehen kentzeko eskatu du.
Xavier Bertrand Osasun ministroak esan du eskaera ez dela urgentziazkoa, baizik eta gaitza saihesteko. Poly Implant Prothèse enpresa 1991n sortu zen, baina gaur egun jada ez da existitzen. Titi inplanteetan munduko hirugarren ekoizle handiena izan zen, urtean 100.000 eginda. Mundu osora esportatu zituzten PIP inplanteak.
Itxura denez, arazoa inplanteetarako erabiltzen zuten silikonak eragin dezake. Silikona hori hainbat industriatan erabiltzen zen, tartean ordenagailuetarako eta sukaldeko treneriarako, eta osasungintzan erabiltzen dena baino hamar aldiz merkegoa da. 2010ean PIPren produktuak merkatutik kendu zituzten.