Frantziako Gobernuak uste du ez dela normaltasunik egongo «denbora askoan»

«Herritarrek ikasi beharko dute euren bizitza kolektiboa birusarekin antolatzen», esan du Edouard Philippe Frantziako lehen ministroak. Datozen egunetan azalduko dute nolakoa izango den konfinamendutik ateratzeko «plana».

Edouard Philippe Frantziako lehen ministroa, gaurko agerraldian. THIBAULT CAMUS / EFE
2020ko apirilaren 19a
19:30
Entzun

Edouard Philippe Frantziako lehen ministroak agerraldi bat egin du igande arratsaldean, koronabirusaren azken datuak eguneratzeko eta egungo egoeraren berri emateko. Errepikatu du itxialdiak maiatzaren 11ra arte iraungo duela, eta esan du konfinamendutik irteteko «plan bat» prestatzen ari direla, baina ez du horren xehetasunik eman. Haren esanetan, egoera «pixkanaka hobetzen» ari da, baina ez diote krisiari gain hartu, eta «denbora asko» beharko da «normaltasunera» itzultzeko.

Gobernuburuak adierazi du herritarren konfinamenduak balio izan duela birusaren hedapena geldiarazteko, eta osasun sistemak «eutsi» diola kolpeari, baina ohartarazi du koronabirusari aurre egiteko neurriak arintzean «atzerantz» egin litekeela.

Azaldu du konfinamendutik ateratzeko baldintzak izango direla herritarren osasuna zaintzea, «nazioaren biziaren jarraitutasuna» bermatzea, birusaren zirkulazioa kontrolatzea eta ospitaleetako harrera gaitasuna berreskuratzea.

Osasun larrialdiaz harago, Philippek nabarmendu du pandemiak «ekonomian krisi izugarria» eragingo duela, eta krisia hasi besterik ez dela egin: «Munduaren historian, sekula ez da gertatu halako geldialdi masibo eta orokorrik orain arte».

Ezohiko egoerak luze joko du: «Herritarrek ikasi beharko dute pixkanaka euren bizitza kolektiboa birusarekin antolatzen», esan du lehen ministroak. Oraingoz, prebentzioa oinarrizkoa izango da, eta, horretarako, ezinbestekoa da babes neurriak hartzea, testak egiten jarraitzea eta positibo ematen dutenak bakartzea, Philipperen hitzetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.