Zazpi euskal presori DPS estatusa (bereziki zainduak diren presoak) kendu zieten azaroan. Orain arte estatus hori gabe presoen baldintzak hobetuko zirela azaldu zen, bisita edo bizi baldintzen aldetik, baina, goizean Nicole Belloubetek France Inter irratian erran duenez, preso horien hurbiltzea ere bermatuko du.
"Leporatu zitzaigun geldiak izatea gai horretan. Ohartarazi nahi dut nire ministerioak duela hainbat presoren DPS estatusa kendu eta horrek hurbilketa ahalbidetzen duela", adierazi du Nicole Belloubetek goiz honetan, France Inter irratian. Jean Noel Etxeberri Txetx-ek Sud Ouest egunkarian egin adierazpenen harira egin diote galdera Frantziako Justizia ministroari. Azken horrek zehaztu du momentu honetan "presoak banaka egiten ari diren eskaera bakoitza lantzen" ari direla banaka-banaka. Preso kortsikarrez ere galdetu diote, eta "ber gisan" lan eginen dutela zehaztu du, "zuzenbide komunaren arauekin".