Erlijioa

Frantziako Legebiltzarrak gehiengo handiz onartu du "ikur erlijioso nabarmenak" debekatzen dituen Laikotasunaren Legea

Eskoletan "ikur erlijioso nabarmenak" erabiltzea galarazten duen Laikotasunaren Legea gehiengo handiz onartu du Frantziako Legebiltzarrak. Hain zuzen ere, 494k diputatuk eman dute legearen aldeko boza eta 36k baino ez kontrakoa. Orain, Senatuak berretsi behar du Legebiltzarraren erabakia, baina arazo handirik gabe onartzea espero da. Horrenbestez, neskato musulmanek ezingo dute buruko zapirik eraman; halaber, juduen txapelak, gurutze katoliko handiak eta sikhen turbanteak galaraziko dituzte.

2004ko otsailaren 10a
20:07
Entzun
Frantziako Gobernuak laikotasuna bermatzeko premia erabili du lege hori bultzatzeko argudio gisa, baina gizarteko zenbait sektorek uste dute berariaz musulmanen zapia debekatzeko egina dela.

Nolanahi ere, Frantzian egin diren zenbait inkesten arabera, herritarren %70 bat dator Laikotasunaren Legearen edukiekin, eta, era berean, emakume musulmanen %40 ados dago.

Legebiltzarreko ordezkariei dagokiela, UMP alderdi nagusiko diputatu gehienek legearen alde bozkatu dute: 364 legebiltzarkide ditu alderdi horrek, eta haietatik 330 legearen alde agertu dira, 12 kontra, eta 17 abstenitu egin dira. PS Alderdi Sozialistan nabariagoa izan da Laikotasunaren Legearen aldeko jarrera; zehazki, alderdi horretako 149 legebiltzarkideetatik bik baino ez dute kontra bozkatu. Gainerako guztiek alde.

UDFren barruan zatiketa nabariagoa izan da: 13 diputatuk bozkatu dute alde, lauk kontra, eta 17 abstenitu egin dira. Alderdi Komunistan, ostera, kontra bozkatu dutenak izan dira gehiengoa: 14 agertu dira legearen aurka, eta 7 alde.

Senatuak martxoaren 2an eta 3an aztertuko du legea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.