Migratzaileak

Frantziako lurraldetik joateko agindu diete Hazparneko bi etorkini

Igandean Hazparnen atxilotutako bi iheslariak beren aterpetzailearen etxean dira dagoeneko. Frantziako lurraldetik joateko agindua dutela baieztatu du Samuel Vuelta Simon prokuradoreak.

Bi iheslariak Xarlo Etxezaharreta aterpetzailearekin jendarmeen  etxetik ateratzen gau honetan. ISABELLE MIQUELESTORENA
Nora Arbelbide Lete.
2018ko azaroaren 12a
07:17
Entzun

Frantziako lurraldetik joateko agindua dute Hazparnen bizi diren bi iheslarik. Baina, aldi berean, obligaziozko bizilekua bihurtu diete beren aterpetzailea den Xarlo Etxezaharretaren etxea. Batetik, beraz, kanporatu nahi dituzte, eta, bestetik, ezin etxetik atera.

Horrek zehazki zer erran nahi duen galdegiterakoan Baionako prokuradore Samuel Vuelta Simoni, erantzun du ez dakiela. Begiratuko duela hori hurbilagotik: "Ez ditut nik aktak. Prefetak hartu erabaki bat da. Nik kopiak galdeginak ditut ikusteko nola koordinatzen diren biak. Normalki, lurraldetik joateko aginduak epeak ditu. Baina ezin dizut gehiagokorik erran. Administrazioak du landu. Eta Frantziako lurraldetik joateko agindua dute. Obligaziozko bizilekuarena zehaztu behar dut".

Obligaziozko bizilekua baieztatu du Xarlo Etxezaharretak, baina esplikatu du berak ere oraindik dokumentuak hurbilagotik begiratu behar dituela.

Atxilotuak

N.T. eta A.B. dira bi iheslari atxilotuak. 20 eta 27 urte dituzte. Bada urte bat Hazparnen bizi direla, iheslarien aldeko elkartasun sareei esker. Atxiloketa igande arratsaldean gertatu zen.

A.B. bizikleta egitera joana zen, usaia duen bezala, Etxezaharretak baieztaturik. Jendarmeek paperak galdegin dizkiote. Ez zituela berekin, eta etxera hurbilarazi ditu. Jendarmeak ez dira sartu, baina ataritik ohartu dira bazegoela beste pertsona bat. Bien paperak galdetu dituzte. Biek beren sortze agiria badute, baita Frantziako Estatuaren osasun laguntza ere. Hortik polizia etxera eraman dituzte, beren egonaldi baimenak baieztatzeko. 16 orenez atxiki ditzakete horretarako. 17:30ak aldera atxilotu zituzten, eta zazpi bat orenen buruan askatu.

Bitartean, kanpoan segidan elkarretaratze bat antolatu zuten bi iheslariak askatzea eskatzeko. 200 bat pertsona bildu ziren hor.

Vuelta Simon prokuradorearen arabera, berriz, Jendarmeriako krimenaren aurkako unitatea ohoinen bila Hazparnen gaindi zebilela, ohartu dira gizon bat joan-etorriak egiten ari zela bizikleta batean. "Zaindu dute, pentsatu baitute ohoina zela. Jendarmeak ikusi dituelarik, saiatu da ihes egiten. Ez da urrun joan, eta kontrolatu dute. Gizonak esplikatu die ez zuela paperik  gainean, etxen zituela. Eta etxera eraman ditu".

 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.