Euskara

Frantziako Parlamentua prest da lege bidez hizkuntza gutxituak babesteko

Konstituzioan gehigarri bat erantsiko lukete, eta estatuko hizkuntza gutxituak "errespetatu" egiten direla jasoko luke aldaketak. Legebiltzarrean hizkuntza horien lege esparrua eztabaidatzen ari dira gaur, historian lehen aldiz.

2008ko maiatzaren 7a
18:23
Entzun
Lehen aldiz historian, Frantziako Parlamentua estatuko hizkuntza gutxituen lege esparrua eztabaidatzen ari da gaur, eta Gobernua eta alderdiak prest azaldu dira hizkuntza horiek babesteko -euskara, katalana, Kortsikakoa...-. Diputatu batzuek aipatu dute hizkuntza horiek gaur egun "mehatxatuta" daudela. Hizkuntza gutxituen lege egitasmoa osatzeko asmoa agertu dute -Frantziako Konstituzioko bigarren artikuluari gehigarri bat eranstea izan daiteke aukera-, hori 2009an bozkatzeko, eta estatuko hizkuntza gutxituak "errespetatu" egiten direla jasoko luke aldaketak.

Diputatuek nabarmendu dutenez, egingo litzatekeen aldaketak "ez luke Frantziako batasuna arriskuan jarriko".

16:15ean hasi dute saioa, eta 50 bat diputatu baizik ez daude Parlamentuan -%10 inguru-. Eztabaida lasai doa, eta 19:30ak aldera buka daiteke.

Orain artean Frantziako diputatuek eta gobernuek behin eta berriz saihestu dute eztabaida hori Parlamentuan. 1982an François Miterrand hautagai sozialistak presidente hautatuz gero euskarari ofizialtasuna onartuko ziola erran zuen, baina presidente izendatu zutenean ez zuen hitza bete.

Nicolas Sarkozy (UMP) Frantziako egungo presidenteak ez zuen ofizialtasuna emateko zinik egin, baina hizkuntza gutxituei lege esparru bat emateko lege egitasmo bat osatuko zuela agindu zuen. Hain zuzen, UMPko diputatu talde baten proposamenari ekimenez izaten ari da gaurko eztabaida.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.