Joan den astean sekula entzun ez diren ele ederrak entzun ziren Frantziako Parlamentuan, Euroitunaren berrespenaren karietara. Bihar, aldiz, ariketa praktikara eraman beharko dute eta sostengu nabarmena bildu. Proposamena sotengatzen duten diputatuek argiki adierazi zuten helburua. Frantziako gobernuari erakutsi nahi diote diputatuen hiro bostenak bultzatzen duela proposamena.
Prozedura arruntari jarraikiz, Parlamentuak onartu ondoren, Senatuak aztertu behar du. Alta, berte aldaera bat badago eta hori da gobernuak baliatu nahi duena. Alegia, proposamena bere egin eta lege xedea bihurtu. Horrela, erreferendumaren bidea baztertuko luke gobernuak. Aitzinera egin ahal izateko, diputatuak eta senatariak bildu behar lituzke Kongresuan, Versallesen, eta lortu hiru bostenak xedea sostengatzea.
Euskalgintzako eragileek bozkatzera doazen testuko neurri mugatzaileak salatu dituzte. Dagoen bezala Frantziako konstituzioan sartuko balitz, gibelerako urrats arriskutsua litzateke, hizkuntza eskubideak ukatuz eta eragileak frantsesez egitera behartuz. Gobernuak aurkeztuko duen testua bertze bat izanen dela jakinarazi dute proposamena aurkeztu duten diputatuek.
Ikustekoa da oraindik, bai testua, bai hori gauzatzeko epeak. Gobernuak ez baitu argitu prozedura berriz abiatu beharko ote den eta zein epeetan sartu nahi duen indarrean.