Joan den astean sekula entzun ez diren ele ederrak entzun ziren Frantziako Parlamentuan, Euroitunaren berrespenaren karietara. Gaur, ariketa praktikara eraman dute, eta sostengu nabarmena bildu. Proposamena sostengatzen duten diputatuek argiki adierazi zuten helburua: Frantziako Gobernuari erakutsi nahi diote diputatuen hiru bostenek bultzatzen dutela proposamena. Orain Frantziako gobernuaren esku dago lege xedea egitea eta mugak kentzea.
Hizkuntza Gutxituen Ituna berrestearen alde agertu dira alderdi gehienetako ordezkariak legebiltzarreko eztabaidan. Didier Geoffroy UMPko ordezkariak sozialisten azpijokoa salatu eta kontra bozkatuko dutela esan arren, UMPko batzuek ere alde egin dute, eta aurrera atera da.
Prozedura
Prozedura arruntari jarraikiz, parlamentuak onartu ondoren, senatuak aztertu behar du gaia, eta erreferenduma egin gero Frantzia osoan. Alta, bertze aldaera bat badago, eta hori da gobernuak baliatu nahi duena. Gobernuak deliberatu behar du proposamena bere egitea. Bide hori hautatzen badu, erreferendumaren bidea baztertu eta Kongresura deituko luke. Aitzinera egin ahal izateko, diputatuak eta senatariak bildu behar lituzke kongresuan, Versaillesen, eta lortu hiru bostenek xedea sostengatzea.
Euskal eragileen salaketak
Euskalgintzako eragileek bozkatuko duten testuko neurri mugatzaileak salatu dituzte. Dagoen bezala Frantziako Konstituzioan sartuko balitz, gibelerako urrats arriskutsua litzateke: hizkuntza eskubideak ukatuko lituzke, eta eragileak frantsesez egitera behartuko. Gobernuak aurkeztuko duen testua bertze bat izanen dela jakinarazi dute proposamena egin duten diputatuek.
Ikusteko daude oraindik bai azken testua, bai hori gauzatzeko epeak. Gobernuak ez baitu argitu prozedura berriz abiatu beharko ote den eta zein epeetan sartu nahi duen indarrean.