Sei lagunak espetxeratuta dauden kartzeletatik atera eta Baionako eta Paueko espetxeetara eramango zituztela azaldu zuten atzo polizi iturriek. Baiona eta Pauera hurrengo orduetan eramango zituztela esan zuten atzo goizean. Beraz, pentsatzekoa da bi espetxeetara atzo ekarriko zituztela, eta gaur ekingo dietela, berriz ere, miaketei. Didier Arricau-Cassiau, Maryse Lavie, Jose Ramon Arano, Miriam Inzabi, Miguel Negrete eta Lurdes Urdanpileta eramango dituzte miaketetara Laurence Levert eta Mari-Antoinette Houyvet epaileen aginduz.
Frantziako Poliziak joan den astean aurreratu zuen Biarnon eta Ipar Euskal Herrian aurkitutako armategi eta gordelekuak sakonago arakatuko zituela. Izan ere, polizi iturriek adierazi zutenez, ETAren arma eta lehergailu biltegi handiak atzeman zituzten.
Albisu eta Iparragirre ez dira egongo miaketan
Didier Arricau-Cassiau eta Maryse Lavie Saliesen (Biarno) atzemandako etxearen jabeak dira. ETAko buruzagitzako kidetzat jotzen dituzten Mikel Albisu eta Soledad Iparragirre ere etxe hartan atzeman zituzten. Poliziak esan zuenez, lau ordenagailu, fotokopiagailu industrial bat, dokumentu ugari eta 21.000 euro atzeman zituzten bertan. Miaketara etxearen jabeak eramango dituzte; ez Albisu eta ez Iparragirre.
Jose Ramon Arano eta Miriam Inzabi Beskoitzeko etxera eramango dituzte. Bertan, 500 kilo titadine, 250 kilo klorata, 70 granada, pistolak, detonagailuak, fusilak eta dirua atzeman zituztela zabaldu zuen Poliziak.Miguel Negrete Baionako espetxera eramango zutela jakinarazi zuten atzo. Hiriburuko etxebizitzan atxilotu zuten. Haren etxe azpian, eremu zabaleko tiroketa entrenamendu galeria aurkitu zuten, Poliziak jakinarazi zuenez. Bertan, armak, lehergailuak, granadak eta munizioak zeudela ere esan zuten.Lurdes Urdanpileta da etxea berriz miatzera eramango duten seigarrena. Urruñan bizi zen eta haren etxebizitzan 250 kilo klorato, sufrea, aluminio hautsa, hari leherkaria, granadak, granada jaurtigailuak.
Hiriburun diru kutxa aurkitu dutela jakinarazi dute
Frantziako Polizia iturriek jakinarazi dutenez, Hiriburun aurkitu zuten ezkutalekuan ETAren diru kutxa zegoen, hutsik. Polizia iturriek esan dutenez, zulo hori polizia operazioan aukitutako zaharrena eta sofistikatuena da. Iturria horien arabera, ETAkoek kutxako dirua beste norabait eraman zuten, badaezpada.
ETAren kontrako operazioa
Frantziako Polizia ETAren ezkutalekuak berriz arakatzen ari da, atxilotuak lekuko hartuta
ETAren aurka joan zen igandean abiatutako operazioan aurkitutako 'zuloak' hobeto miatzen ari da gaur Frantziako Polizia, eta horretarako, ezkutalekuak dauden etxeetako jabeak norbera bere etxera eraman beharko dituzte. Arricau-Cassiau, Lavie, Arano, Inzabi, Negrete eta Urdanpileta Pauera eta Baionara ekartzekoak ziren atzo, gaur miaketetara eramateko. Laurence Le Vert Frantziako epailea ari da miaketak zuzentzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu