Atxiloketak

Frantziako Poliziak bi lagun atxilotu ditu Baionan

Garikoitz Pascual donostiarra da eta Eneko Pascual hernaniarra, eta arratsaldean ikastolatik Baiona Ttippira zihoazela atzeman dituzte. Espainiako Auzitegi Nazionalak euroagindua eskatua du urritik.

2008ko otsailaren 12a
19:03
Entzun
Frantziako Poliziak Garikoitz Pascual donostiarra (1976) eta Eneko Pascual hernaniarra (Gipuzkoa; 1981) atzeman ditu gaur, 16:30-17:00ak aldera, Baionan.

Ismael Moreno Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak bien -lehengusuak dira- euroagindua eskatu zuen joan den urrian, "euren kontrako akusaziorik ez duela esana duen arren", Askatasunak dioenez. Bihar Paueko (Frantzia) Auzitegira eramango dituzte, eta orduan erabakiko dute kartzelara sartuko dituzten edo ez.

Garikoitz eta Eneko Pascual ikastolatik Baiona Tippira zihoazen atxilotu dituztenean, eta Poliziaren hiru auto zituzten atzetik. Poliziek gerarazi egin dituzte, pistolak aterata. Kotxe barruan iheslari baten neska-laguna zegoen, eta haur bat ere bai. Poliziek hiru helduak lurrera bota dituzte, iletik tiraka. Esku-burdinak jarri dizkiete.

Atxiloketak salatzeko, Hernaniko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak 20:00etan mobilizazioa egingo du, plazatik abiatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.