Atxiloketa

Frantziako Poliziak Eneko Galarraga atxilotu du Urruñan

Espainiako Auzitegi Nazionalak haren kontrako euroagindua eskatua zuen.

2008ko urtarrilaren 24a
16:17
Entzun
Askatasunak jakinarazi duenez, Frantziako Poliziak Eneko Galarraga Godoi iheslaria atxilotu du gaur goizean Urruñan (Lapurdi). Espainiako Auzitegi Nazionalak haren kontrako euroagindua eskatua zeukan. Bihar Paueko (Frantzia) Auzitegira eramango dute. Galarragak ez zeukan armarik eta agiri faltsurik atxiloketaren unean.

Baionako polizia etxetik amari telefonoz deitzeko aukera izan du eta atxilotuta zegoela esan dio. Villabonakoa (Gipuzkoa) da Galarraga, eta 27 urte dauzka.

Askatasunak salatu egin du atxiloketa. "Euskal iheslari politikoek bizi duten jazarpena salatu nahi dugu eta zentzu honetan kokatu nahi dugu gaurko atxiloketa. Errepresio estrategiaren baitan iheslarien aurkako atxilotze, Espainiaratze eta espetxeratze ugariren lekuko izaten ari gara azken hilabeteetan. Kasu honetan Frantziako Estatuaren erantzukizuna azpimaratu nahi dugu".

Mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du Askatasunak. Gaur 20:00etan batzarra egingo dute Villabonan, plazan, eta ondoren manifestazioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.