Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroak esan duenez, Frantziako Poliziak gaur Laurence Levert epailearen aginduz Lapurdin eta Nafarroa Beherean atxilotu dituen lagunak hamahiru dira. 2006ko ekainean Bidarrain (Nafarroa Beherea) Alain Ducasse sukaldariaren jatetxe-hotelaren kontrako erasoarekin lotura dutela leporatzen diete gehienei -Irrintzi taldeak bere gain hartu zuen eraso hura; "Euskal Herria ez da salgai", zioen-, eta hori izan da operazioaren iturburua.
Berrehun polizik hartu dute gaurko parte operazioan, eta armarik ez diete topatu atxilotutakoei. Lekukoen arabera, atxiloketetan poliziek jarrera bortitza agertu dutela salatu du Askatasunak, eta, zehazki, Ezterenzubin Mizel Barnetxe atxilotu dutenean "tiro hotsak" entzun direla.
Askatasunak baieztatu duenez, Xabier Susperregi, Cedric Garai, Aitziber Otegi eta Ageda Goikoetxea atxilotu dituzte Baionan -Garai Baionako ospitalean atxilotu dute; larunbatean bere neskalagunak haurra izan zuen eta han zegoen-, eta Nafarroa Beherean Mizel Barnetxe (Ezterenzubin), Mizel Kehaielt, Joan Bidart, Pantxo Flores eta Intza Oxandabaratz
Gorka Betolaza, Urtzi Garcia eta Oscar Bizkai ere atxilotu dituztela agertu du Espainiako Barne Ministerioak, Hego Euskal Herritik ihes eginda zeudelako. Iturri haien arabera, hiru horiek eta Otegi atzemateko agindurik ez zeukaten, "baina beste atxilotuen etxeetan" zeudela-eta atxilotu egin dituzte. Betolaza Jarrai-Haika-Segi auzian kartzelara zigortu dute aurten, eta ihes eginda zegoen. Garcia 1996an ere atzeman zuen Espainiako Poliziak, kale erasoetan parte hartu zuelakoan, eta orain ETArekin lotu dute.
Horrenbestez, atxilotu baten izena falta da oraindik argitzeko, baina aipatu iturrien arabera, Gasteizko gazte bat litzateke.
Atxilotuen etxeak miatzen aritu da Polizia. "Barnetxe atxilotu duten unean tiro hots bat entzun dute bizilagunek", esan du Askatasunak, eta poliziak haren etxeko leihotik gauzak botatzen ibili direla. "Lekukoek adierazi dutenez, atxiloketak oso bortitzak izaten ari dira. Polizia goitik behera armaturik sartu dira etxeetan eta bortizkeria handiz ari dira miaketak burutzen".
Donibane Garazin (Nafarroa Beherea) Kalaka ostatura sartu da Polizia.
Mobilizazioak gaur
Askatasunak, gaurko operazioa salatzeko, hiru mobilizazio antolatu ditu gaurko. Baionan -San Andres plazan-, Donibane Garazin -herriko etxearen aurrean- eta Orzaizen (Nafarroa Beherea) egingo dituzte, 19:00etan hasita, Errepresioa ez da bidea lelopean.
Atxiloketak
Frantziako Poliziak hamahiru lagun atxilotu ditu Lapurdin eta Nafarroa Beherean
Xabier Perez Susperregi, Cedric Garai, Mizel Barnetxe, Michel Kehaielt, Aitziber Otegi, Ageda Goikoetxea, Intza Oxandabaratz, Joan Bidart eta Pantxo Floresen atxiloketak baieztatu ditu Askatasunak. Gorka Betolaza, Urtzi Garcia eta Oscar Bizkai ere atzeman dituztela agertu du Espainiako Barne ministroak. Hamahirugarrena Gasteizko gazte bat litzateke. Turismoaren eta etxe agentzien aurkako erasoekin lotu dituzte gehienak. Lekukoen arabera, operazioa bortitza izan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu