Frantziako Poliziak Jon Goio tolosarra atxilotu du gaur eguerdian. Oraindik informazio gutxi dago, baina polizia iturriek lehenagotik leporatua zioten ETAk Jose Mari Aznarren aurka misilekin eginiko atentatu saioan parte hartu izana. Jon Goiok Gregorio Jimenez du berezko izena, eta Tolosan (Gipuzkoa) jaio zen, baina hainbat urte egin du Lapurdin bizitzen. 2009an ere atxilotu zuten Goio, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aurrean aurkezteari uko egin ondoren.
Goio atzeman baino lehen, goizean Ibai Agirrebarrena atxilotu du Frantziako Poliziak, Baionan. Espainia karrikan atxilotu dute, eta gero haren etxea miatzera joan dira Bidaxunera (Nafarroa Beherea). Agirrebarrena lehenago ere eduki dute atxilo hartuta: 2009ko ekainean atzeman zuten, beste hamaika lagunekin batera, kale erasoekin zerikusia izatea egotzita. Ia urtebetez preso egon ondoren, iazko maiatzean utzi zuten aske, kontrol judizialpean.