Frantziako Poliziak Julen Mujika eta Intza Oxandabaratz atxilotu ditu gaur goizean Donibane Garazin. Albiste agentzien arabera, Laurence Levert Parisko epaileak eman du atxilotzeko agindua, 2009an aurkitutako ETAren zulo batekin zerikusia dutelakoan. ETAko kidetzat jo dituzte. Poliziek arratsaldeko hiruretan bukatu dituzte haien etxeen miaketak, eta ondoren Baionako polizia etxera eraman dituzte.
Operazioa 07:50ean hasi da. Poliziak bien etxea dagoen karrikarako lau sarbideak itxi ditu, eta blokatuta izan dira hainbat orduz. Hainbat polizia-kamioi paratu dituzte inguruetan, eta Parisko Polizia judiziala ere han zen.
Bikotearen etxea miatu dute. Mujika eta Oxandabaratz eskuburdinekin lotu dituzte. Euren abokatuekin hitz egin ahal izan dute: Yolanda Molinarekin. Oxandabaratz haurdun da eta, BERRIA.INFOk jakin duenez, eskuburdinekin ikusi ahal izan dute, bere autoa miatzera joan direnean lekuko gisa eraman baitute.
Elgarretaratzeak, gaur
Askatasunak polizia operazia salatu du, eta larunbatean Baionan izan zen manifestazioan "euskal gizarte parte zabal baten eskaerari erantzuna" dela gaineratu du: "Betiko jarrera erakusten digu Frantziako Gobernuak. Josuren atxiloketa, gaurko operazioa... errepresio politiko hutsa, epe motzeko etekin mediatikoa bilatzen duen betiko ildo antzu eta miserablea".
Elgarretaratzeak deitu ditu gaurko: 18:30ean Baionako suprefeturaren aintzinean, ordu berean Mauleko Jendarmeriaren aintzinean, eta 19:00etan Donibane Garaziko herriko etxe aintzinean. "Eragile politiko eta sozial eta oinarrizko eskubideak defenditzen dituzten herritar guztiak mobilizaio horietan eta konponbidearen aldeko dinamikan parte hartzera deitzen ditugu", dio Askatasunak ohar batean.