Euskal presoak

Frantzian betetako zigorra ez diote aintzat hartuko Iñaki Bilbaori

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ez du onartu euskal presoaren babes helegitea, eta Europako Giza Eskubideen Auzitegiak erabakiko du Espainiak oinarrizko eskubideak urratu dituen ala ez.

Alkorta eta Azkarraga Sareko bozeramaileak, presoen senideekin batera, apirilean, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / ARGAZKI PRESS
Hodei Iruretagoiena
2016ko urriaren 26a
12:35
Entzun

Lau dira dagoeneko Espainiako Auzitegi Konstituzionalak atzera botatako helegiteak, Frantzian betetako kartzela urteak aintzat hartzearen inguruan. Azkena, Iñaki Bilbao Beaskoetxea euskal presoarena izan da, Ane Ituño abokatuak jakinarazi duenez. Hala, epaileek erabaki dute Frantzia preso emandako hamar urteak ez dituztela kontuan hartuko espetxean egin beharreko denbora kalkulatzeko.

Europako Batasuneko 2008/675 erabaki markoak zehazten du EBko estaturen batean betetako zigorrak balio juridiko bera duela gainerako estatuetan ere; hau da, modu bateratuan hartu behar direla. Espainiak, ordea, zuzentarau hori bere legediara egokitzean, salbuespen batzuk sartu zituen arauan, EPPK-ko presoei eragin ez ziezaion.

Auzitegi Konstituzionalak atzera bota ditu lau kasu, eta, beraz, Estrasburgoko auzitegiaren esku geratuko dira orain. Hark erabaki beharko du EBren zuzentarauaren interpretazioarekin Espainiak oinarrizko eskubideak urratu dituen ala ez.

Zazpi presok kalean behar lukete

Sarek apirilean jakinarazi zuenez, gutxienez zazpi presok kalean behar lukete, Frantzian betetako zigorrak aintzat hartuz gero. Honakoak dira: Josu Arkauz Arana (Arrasate), Jose Jabier Zabaleta Elosegi (Hernani), Iñaki Etxeberria Martin (Iruñea), Santi Arrospide Sarasola (Lasarte-Oria), Pako Mujika Garmendia (Ordizia), Jose Ramon Lopez de Abetxuko (Gasteiz) eta Bilbao bera (Lemoa). Aurreratu zuten preso horiek Estrasburgora joko zutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.