Azken 50 urteotan mila pertsona inguru egon dira preso Frantziako espetxeetan euskal gatazkarekin loturan. Desagertutako edo gerra zikinak hildako pertsonen zerrenda ere osatu dute. Euskal herritarrak ageri dira zerrendan, baina baita Bretainiak elkartasuna adierazteagatik preso sartu zituztenak edo gatazkaren ondoren hildako frantses poliziak ere.
Gaur egun 138 pertsona daude Frantziako presodegietan, eta Espainiako Estatuan Ipar Euskal Herriko sei lagun daude. Ehunka iheslari politiko daude munduan barreaturik, eta ehunka dira baita ere Frantziak atxilotu eta kanporatu dituen iheslariak. 87 iheslari hirugarren estatu batera kanporatu ditu Frantziak orain artean.
Frantziaren esku hartzea argira ekarri nahi du Anai Arteak, Aieteko bide orria finkatu eta urtebetera. Memoriaren ariketan biktima guztiak kontuan hartu behar dira, eta, horregatik, Frantziako Poliziak atxilotu edo preso egon diren pertsonak zerrendatu ditu. Iparraldean sortu edo Iparraldeko norbaitekin ezkonduak izatea izan da zerrenda osatzeko irizpidea. Atxiloketa urtearekin batera, herria ere agertzen da zerrendan. "Noiz arte itxaron behar du Frantziak bake prozesua abian ezartzeko? Noizko eraiki nahi du bakea?", galdetu du Anai Arteak.