Frantziako Estatuak Bilbon duen Didier Ortolland kontsulari gutun bat helarazi dio gaur Herrira mugimenduak, herrialdeak espetxe politika alda dezala eskatzeko. Herrira-k dioenez, "behin betiko bakea gertuago" egongo litzateke euskal presoei buruzko bestelako politika egingo balu Frantziako Gobernuak ere.
Herrira-ren aldetik Roberto Noval sartu da kontsulatu barrura. Ezin izan du Ortolland kontsularekin bildu, "berau bilduta ei zegoelako". Mugimenduak elkarretaratzea egin du kontsulatuaren atarian.
Besteak beste, presoak gerturatzeko, larri gaixorik direnak askatzeko eta "bizi osoko" kartzela zigorra duten hiru presoak libre uzteko galdegin du gutun bidez. Ion Kepa Parot da aipatutako hiru presoetako bat, eta berriki jakin da ukatu egin diotela baldintzapean aske gelditzea.
Azaroaren 10ean, Herrira-k antolatuta, Baionan manifestazioa izango da, Euskal presoak Euskal Herrira lelopean. Baionako Abokatuen Elkargoak atxikimendua agertu zuen atzo. Elkarteak Frantziaren espetxe politika salatu du, eta nabarmendu du Giza Eskubideen Hitzarmeneko 8. artikuluari jarraikiz preso guztiek eskubidea dutela beren etxetik gertuen dagoen espetxean betetzeko zigorra.