Asteazkenean bilera egin zuen Europako Parlamentuko Mahaiak, eta han egin zuen eskaria Valcarcelek, legebiltzarreko PPko taldeak jakinarazi duenez. Larritzat jo du Basque Friendshipen gisako talde ez-ofizialek Europako Parlamentuaren baliabideak erabiltzea "bere kideek zabaldutako mezuak auzitan jartzen badute Espainia bezalako estatu demokratiko baten sistema judiziala".
Valcarcelek kritikatu du Friendshipek Arnaldo Otegi Sortuko idazkari nagusi eta preso ohia "bakearen defendatzaile" gisa aurkeztu duela eta "bidegabetzat" jo zuela haren kartzelaldia: "Otegi ez da bakearen defendatzaile bat, Europako Batasuneko Zuzenbide Estatu bateko auzitegi batek zigortutakoa baizik, besteak beste, ETA erakunde terroristako kide izateagatik, agintari graduan".
Martin Schulz Europarlamentuko presidenteak adierazi du auzia aztertuko dutela, eta Valcarceli esan dio ondorioak jakinaraziko dizkiola.
Euskal Herriko bake prozesua sostengatzeko asmoz 2006an sortutako europarlamentari taldea da Friendship. Gaur egun, Mark Demesmaeker, Martina Anderson, Ian Hudghton, Tatjana Zdanoka, Jill Evans, Ramon Tremosa, Lynn Boylan, Lidia Senra, Josep-Maria Terricabras, Jose Bove, Bart Staes, Matt Carthy, Helmut Scholz eta Liadh Ni Riadak osatzen dute.