'Froga' gehiago

IMANOL MURUA URIA - DONOSTIA
2004ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
gunkaria ETArekin lotzeko zantzu berriak ere agertu ditu epaileak atzoko autoan, ohiko argudioez gain.

-ILDO EDITORIALA: Egunkaria-ren ildo editorialak ETAren helburuekin bat egiten zuela adierazten omen duen froga nagusi gisa, Kontseilu Editorialeko kide batek Joan Mari Torrealdai Kontseiluko lehendakariari bidali zion gutuna aipatzen du behin eta berriro epaileak. Gutun hartan, Egunkaria-k albiste batzuei emandako tratamendua kritikatu eta, ildo editorialarekin bat ez zetorrelako, dimisioa aurkeztu zion Torrealdairi ordura arte kontseilukide izan zenak. Kontseiluko kide baten kritika hutsa denari garrantzi berezia ematen dio epaileak: «Joan Mari Torrealdai hasieratik Kontseilu Editorialeko kide izan denez, kritika horien berri izan beharra zuen, are gehiago aintzat hartzen badugu gutuna pertsonalki berari zuzendua zegoela. (...) Eta Administrazio Kontseiluak ere kritika horien jakinaren gainean egon behar zuen».

-EGIN-EKIN HARREMANA: Egunkaria-k Hernani Inprimategiari egindako ordainketen bidez bi enpresen artean lotura zegoela frogatuta dagoela dio epaileak (Egunkaria eta Egin Hernani Inprimategian inprimatzen ziren), enpresa horrekinlotura edukitzeak KAS-ETArekin lotura izatea esan nahi duelakoan. «Bi enpresetako arduradunen lotura nabarmena, hala nola Alegria [Orain-eko] kontseilariaren eta Zumalaberen artekoa, goragoko kontseilu baten agindu komunak betetzen ari zirela pentsarazten du». Epaileak ez du esaten jakina eta publikoa zela Egunkaria Egin-en errotatiban inprimatzen zela, eta horregatik egiten zizkiola ordainketak.

-LABURDUREN GARRANTZIA:1990ko hamarkadaren hasieran ETAko hainbat kideri ustez atzemandako agirietan Egunkaria-ko kideak aipatzen direnean, kasu batzuetan laburdurak edo sigla hutsak erabiltzen direla ohartarazten du epaileak. Esate baterako, JMTorr (Joan Mari Torrealdai) eta IU (Iñaki Uria). Laburdura hutsez izendatzeak, epailearen iritziz, «erakunde terroristako zuzendaritza-egiturentzat sobera ezagunak direla erakusten du», beste pertsona batzuei buruz hitz egiten dutenean izen-abizenak osorik jartzen dituztenez.

-arduradunen iraupena: Beste arrazoibide berezi bat erabiltzen du Del Olmo epaileak, Joan Mari Torrealdai, Txema Auzmendi eta Iñaki Uria ETAren menpeko zirela argudiatzeko, Egunkaria-k iraun zuenhamahiru urteetan enpresako ardura postuetan irautea horren erakusgarri baita Juan Del Olmo epailearen iritziz: «Kontuan izanda Torrealdairen, Auzmendiren eta Uriaren esku egon direla jabetza eta agintea ETAren egitasmorik handienetako batean, erakunde terroristak konfiantzakoak ez diren eta helburu berberak ez dituzten pertsonei hamahiru urtez proiektuaren arduradun izaten uztea ez litzateke koherentea».

-abokatuekin harremana: Miaketatan atzemandako agirietako batean, Egunkaria-ko arduradunek Fernando Olalde eta Carlos Trenor abokatuei fundazio baten sorrerari buruz kontsulta bat egin zietela jasota dagoela dio Juan Del Olmo epaileak eta, jarraian, bi abokatu horiek 18/98 sumarioan (Joxemi Zumalabe Fundazioaren atalean) «banda armatuko kide izateagatik» auzipetuta daudela ohartarazten du. Beste ondoriorik ez du ateratzen, agiri horri buruz.

-behatoki soziala: Xabier Oleagak Euskal Herriaren Garapen Ekonomiko eta Sozialerako Behatokia izeneko erakunde bat sortzeko lanean parte hartu zuela dio Del Olmo epaileak, «LABekin edota Herri Batasunarekin lotutako jendearekin batera». Sortu nahi zuten behatokia joera «nabarmen abertzalekoa» zela ohartarazten du Del Olmok («izan ere, Espainiako bi sindikatu nagusiak, UGT eta CCOO, ez daude barruan») eta, beste daturik eman gabe, «organismo hau jaiotzatik ETAren menpekoa izatea» litekeena dela ondorioztatzen du.

- 'ZUTABE' ALDIZKARIAK: Xabier Oleagari ETAren aldizkariaren hainbat ale atzeman zizkiotela dioenean, Zutabe aldizkariak ETAko kideek baino ez dituztela jasotzen dio Del Olmok. Baina Martxelo Otamendiren bulegoan ere Zutabe-ren ale batzuk aurkitu zituztela dionean, aldizkariarekin batera ETAk hedabideei bidalitako oharra ere topatu zutela dio: «ETAren prentsa bulegoa. Komunikabideei oharra. Gutun honen bidez bidaltzen dizugu...», dio oharrak. Epaileak ez du ondorioztatzen, hala ere, ETAk Zutabe aldizkariak komunikabideetara ere bidaltzen dituela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.