Zalditegia eta poloan jokatzeko zelaia zeuden hasieran Baionako Beyris auzoan, eta aurrerago, aberatsentzako etxebizitzak eta nesken eskola bat egitea zen asmoa. Baina etorkizunerako proiektuak hutsean geratzen joan ziren Francoren altxamenduak aurrera egin ahala. 1938ko urte bukaeran Kataluniako Perthus mendia zeharkatuz ihesean heltzen ziren errefuxiatuentzako babesgune bilakatu zen polo zelaia. "Gehienak katalanak ziren. Euskaldunak Gurseko errefuxiatu gunera bidaltzen zituzten, Biarnora. Hemen, berriz, errepublikano katalanak egon ziren denbora batez. Gehienak 1939ko lehen hilabeteetan heldu ziren. Gizon, emazte eta haurrak ziren. Baina 40ko hasieran, Frantziako Gobernua gizonak atxilotu eta mugaraino eramaten hasi zen, eta han, Francoren armadako soldadu eta guardia zibilek fusilatu egiten zituzten. Emazte eta haurrak, berriz, libre uzten zituzten", azaldu du Mixel Esteban historialariak, zeinak beste hainbat auzotarrekin batera atxilotze guneari buruzko liburu bat argitaratu duen.
Gune itxia zen Beyriskoa. Jendarmeek zaintzen zituzten sarrera-irteerak. Hilabeteak aurrera joan ahala, ordea, gero eta gehiago heltzen hasi ziren, atzerritarrekiko mesfidantza hazten zihoan neurri berean. "Hasieran, nazioarteko erakundeek kasu egiten zieten, baina gero egoera aldatu zen. Batetik, Frantzia, Ingalaterra eta Alemania gerran ziren, eta, bestetik, Europako herrialde gehienetan atzerritik etorritako jendeak ez ziren ongi ikusiak. Hemen baziren, gainera, mota guztietako errefuxiatuak: Frantziako eremuetakoak —bereziki Alsaziatik eta Frantzia iparraldetik etorriak—; juduak, Polonia, Austria eta Alemaniatik ihes eginak; eta Espainiatik eta hegoaldetik etorritako errepublikanoak". Une jakin batean, 600 haur zenbatzeraino iritsi ziren esparruan. Orduko propagandak deabru gorritzat zituen —bertako kontserbadoreak ziren zuriak , eta gorriak beste guztiak, nahiz eta komunistak izan ez—. Jean Ibarnegarai eskuineko diputatuak hauxe idatzi zuen Gazette egunkarian, hegoaldetik heldutako errefuxiatuei buruz: "Litekeena da inguruetako departamentuetan dauden euskal eta katalan separatistak kontzentrazio esparruetara eramatea". Diputatuak aipatu esparru horietako bat izan zen Polo Beyriskoa.
Kolonietako soldaduak
Alemanek Frantzia kontrolpean hartzerako, baina, urrun ziren errefuxiatu katalanak: ihes eginak batzuk eta kanporatuak gehienak. 1939ko irailean kamioietan igo zituzten azken errefuxiatuak, mugara eramateko. Garai hartan 12 urte zituen Pablo Biel Marcok: "Ezkutuka gerturatu nintzen zer gertatzen zen ikusteko, eta haurrak eta amak negarrez ikusi nituen kamioietan. Iletik tiraka eramaten zituzten. Izugarria zen". Polokoa ez ezik, beste esparruak ere hustu egin zituzten Frantziako agintariek. Halaxe azaldu du Claude Lahak Gurseko esparrua liburuan: "1939ko urriaren 3an, esparruak hustu zituzten, eta bertan zeuden gudari errepublikanoen emazte eta seme-alabak eta adineko errefuxiatuak Hendaiako mugara eraman".
"1940ko ekainean heldu ziren alemaniarrak, eta kasik segidan Poloko esparruko gunea erabili zuten hara eramateko Frantziako gudari presoak. Baina gudari bereziak ziren, beltzak. Izan ere, koloniako tropa horiek ez zituzten Alemanian preso atxiki nahi arrazarengatik, ideologiagatik. Beraz, Frantzian zehar hainbat esparru zabaldu zituzten, tartean Baionakoa, Frontstalag 222", azaldu du Estebanek. Datu ofizialen arabera, 1,6 milioi soldadu egin zituzten preso 1940ko maiatz eta ekain bitartean; horietatik 80.000 inguru, Afrikatik joanak gehienak, baina baita Indotxinakoak ere —egungo Kanbodia. Vietnam, Laos, Thailandia eta Myanmar—. "Baionako esparruan 6.000 preso inguru izatera heldu ziren, gehienak Afrika beltzekoak. Lau urtez egon ziren bertan, baina ez ziren fitsik egin gabe egon. Alemanentzat lan egin behar zuten, bai kostaldean eta bai Landetan, kanoiak ezartzeko gerlako eraikuntza bereziak egiten aritu ziren", dio Estebanek.
"Polo ondoan bizi ginen, Balsan etxearen atezaindegian. Balsan jaunaren udako bigarren etxea zen; gizon aberatsa eta zaldi eta polozalea zen hura. Alemaniarrak Beyrisera heldu zirenean, Balsan etxea bahitu zuten. Zuzen jokatzen zuten, baita gure amaren aurrean ere, nahiz eta jakin gerra preso baten emaztea zela. Aurrerago preso esparru bat jarri zuten polo zelaian. Txarrantxaz inguratuta zegoen, eta bost bat begiralekurekin. Anaia gazteagoa eta biok presoak ikustera joaten ginen, batez ere ilunabarrean otoitz egiten zutenean. Lanera joaten eta handik etortzen ikusten genituen, beti zaindariz inguratuta. Gerora, ama erresistentziako kide egin zen. Etxean egindako ogi zatietan presoei ihes egiten laguntzeko tresnak ezkutatzen zituen, eta gurekin joaten zen hesi ingurura. Presoei begira geunden itxurak egiten genituen, eta zaindariak beste aldera begiratzen zutenean ogi zatiak botatzen genituen hesi gainetik. Aurrerago jakin genuen horri esker preso batzuek ihes egitea lortu zutela", kontatu du Maite Lapebiek, Polo Beyrisko preso esparruari buruzko liburuan.
Izan ziren ihes egiteko saio ugari ere. "Aitak kontatu zigun nola bere kamioiarekin alemaniarrak eraikitzen ari ziren Atlantikoko Hesirako lurra garraiatzen ari zenean poloko esparruko preso batzuek kamioian ezkutatzeko eskatu zioten. Atsekabetuta, ezetz esan behar izan zien, lurpean hilko zirelako, ez baitzegoen denborarik babestuko zituen aterpe bat egiteko", azaldu du Michel Lahetek, zeina garai hartan Baionako Beyris auzoan bizi zen. Beste batzuek zorte hobea izan zuten: "Dendan lanean ari nintzela, preso bat ikusi nuen kamioi batetik jauzi egiten. Militar jantziak zeramatzan, eta dendan ezkutatzeko eskatu zigun. Nagusia beldur zen, eta ezetz esan zion, baina nik ezin nuen hura han utzi. Anaiaren arropak eman nizkion eta etxean ezkutatu nuen —20 urterekin ez dakizu zer den arriskua!—. Elizara joateko aholkatu nion, aurreko igandeko sermoian gotzainak nazien aurkako hitzak izan zituelako. Gustatuko zitzaidan jakitea ihes egitea lortu ote zuen. Arabiarra zen...", dio Fernanda Lebek. Maiz izaten ziren ihesaldi ahaleginak, Genevieve Ninousek liburuan dioen moduan: "Tarteka, eskolarako bidean, soldadu alemaniarrak ikusten genituen zuhaitz atzeetan ezkutatuta. Ihes egindako presoen bila zebiltzan, baina guk izututa alde egiten genuen. Inguruan baziren sareak presoei laguntzen zietenak".
Frontstalag 222 esparruko baldintzak Europa iparraldeko beste zenbait gunetakoak baino hobeak baziren ere, presoen egoera ez zen batere ona. "Negua hemen oso hotza da, eta 1940 eta 1941ekoak bereziki gogorrak izan ziren. Bestetik, Afrikatik etorritako soldaduak ez zeuden hona ohituta, eta jantzi askorik ere ez zuten. Baionako jende batzuek botatzen zizkieten jantziak eta janariak murruaren gainetik, baina ez zuten aski. Koloniako soldadu ugari hil ziren hemen. Baionako Saint Leon hilerrian dira hemen hildako 102 soldaduren gorpuak. Gutxi gorabehera, 200 bat preso hil ziren hotzez, eritasunen ondorioz eta bortxaz", azaldu du Estebanek.
Kolaboratzaileak
Egoera irauli egin zen 1944ko abuztuan, Normandiako lehorreratzearen ostean. "Agorrilaren 22 eta 23 artean alemanek ihes egin zuten Baionatik, Frantziako ekialdean borrokan segitzeko. Gerla galdua zuten, ordea. Borrokak amaitutakoan, erresistentziaren inguruko botereek erabili zuten tokia beste mota bateko presoak atxikitzeko: alemanekin kolaborazioan aritu zirenak. Izan ere, euskaldun eta frantses batzuek harreman estuak zituzten haiekin, edo nazien ideien gertukoak ziren, edota harreman ekonomikoak izan zituzten", azaldu du historialariak. Azken urte horietan, denetara, 400 bat lagun egon ziren Baionako esparruan; gerora, Gurseko eremura eraman, eta, azkenik, Pauen epaitu zituzten gehienak. Haiek ere, aurrekoen moduan, ez ziren atsedenean egon: "Kostaldeko minak kentzeko, eta alemaniar instalazioak desegiteko erabili zituzten".
Gerra amaitutakoan, berriz, soldadu alemaniarrak gehitu zitzaizkien ustezko kolaboratzaileei. 1944ko amaieran hasi ziren gerrako preso adingabeak Polo Beyrisera bidaltzen. Esparruaren iparraldean jarri zituzten haiek, hamabost bat barrakoitan. Gero, 1945eko urtarrilean, adinez nagusiak ziren beste 310 preso alemaniar heldu ziren. Horiek besteetatik banatutako barrakoietan jarri zituzten, txarrantxazko hesi batez inguratuta. Garai hartan, Nazioarteko Gurutze Gorriak kezka agertu zuen 17 urtez azpiko presoen egoeraren inguruan. "Presoen elikadura beti da kezkagarria. Nola edo hala aurrera egiten duten arren, oso argal daude. Langileek 1.500 kaloria inguruko anoak jasotzen dituzte, baina ez dira aski lanik gogorrenak egin behar dituztenentzat", zioen Gurutze Gorriak 1946ko ekainean egindako bisitaren ostean argitaratutako txostenak.
Ahanztura
1947ko amaieran hutsik geratu zen Polo Beyrisko preso esparrua. Baionako Udala, zeina polo zelaiaren jabe zen eta armadari alokatu zion gerra garaian, etorkizunera begira jarri zen. "Etxeak eraikitzeko erabili zuten tokia, etxebizitza sozialak. Denborarekin jendeak ahantzi egin zuen, baina ez da kasu bakarra. Gerla ezagutu izan dutenek ahantzi nahi izaten dute, gauzak ez direlako beti argiak gerla garaietan", nabarmendu du Estebanek.
Joan den abenduan, ordea, auzo elkarteak eskatuta, oroitarri bat jarri zuten Polo Beyrisko esparrua egon zen tokian. Gertatutakoa gehiago ahantz ez dadin. "Gauzak ez dira funtsean bereziki aldatu. Geroa prestatzeko behar dugu oroitarazi, bereziki krisi garaiotan, gizarteak ez baitaki sobera norantz doan haien bizitza. Hemen, beste toki askotan bezala, arrazakeria eta eskuin muturra indartzen ari dira, eta demokrazia, aldiz, ahultzen. Horregatik behar dugu hiritarrok erne egon, bakea eta askatasuna direlako ondo bizitzeko balio inportanteenak", ohartarazi du historialariak. Dena den, Polo Beyriskoa ez zen izan Ipar Euskal Herriko nazien gune bakarra, baina harekin gertatu bezala, beste batzuk ere denborarekin desagertu egin dira herritarren memoriatik.