Fuel olioa fintzeko unitatean hainbat lan programatuta zeuzkan gaur Petronorrek. Lanean ari zirela, ordea, istripua izan dute, eta hainbat partikula airera zabaldu dira. Orduan zebilen haizearen ondorioz, partikula horiek Muskizko (Bizkaia) San Julian auzora iritsi dira.
Istripua 07:30ean gertatu da, eta Petronorrek abisua eman du Muskizko Udalaren larrialdi zerbitzuetan eta Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen ikuskaritzan. San Julian auzoan garbiketa lanak egiten ari dira orain, eta Petronor ingurua eta lantegia ikuskatzen ari da Jaurlaritza.