Sebastien Castet. Euskal Konfederazioko kidea

«Funtsezkoa da elkarlana euskara berreskuratzeko»

Aitor Renteria.
Baiona
2012ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Hizkuntza politika berria plantan ezarri ahal izateko, urratsak egin behar ditu Frantziak, eta Ipar Euskal Herriak bere egitura behar du euskararen normalizaziorako bideabermatzeko, Sebastian Castet Euskal Konfederazioko kidearen erranetan.

Hizkuntza politika berria eta indartsua obratzeko garaia dela diozue. Zergatik?

Borondate onaren gainean bakarrik eraikitako hizkuntza politikak mugak ditu. EEPk du hizkuntza politika garatzeko ardura, baina agerian dira bere mugak lege zein aurrekontu mailan. Bi norabideetan aldaketak behar dira.

Lurralde elkargoa sortzea eta Europako hizkuntza gutxituen ituna izenpetzea funtsezko urratsak direla diozue. Zer ekarriko du horrek ?

Hamarkada luzeotan euskalgintzako herri mugimenduek aldarrikatu dute euskararen ofizialtasuna. Deiadar manifestazioan 7.000 lagun bildu ziren ofizialtasuna eskatzeko. Garapen Kontseiluak ere lurralde elkargoaren beharra azpimarratu du. Bere proposamenen barnean agertzen da euskarak hizkuntza koofiziala izan behar duela bere eremuan. Max Brisson EEPko presidente ohiak dio, orain, euskarak koofiziala izan behar duela Iparraldean. Lehen ez zuen hori erraten. Sekula ez da hain urruti joan. Azken aholku batzordean, Frantxua Maitia EEPko presidenteak aitortu zuen euskara ofiziala izanez gero administrazioaren eginbeharrak finkatuko zituela. Pozten gara, politikoengandik ere horrelako hitzak entzunik. Baina ofizialtasunaren bidean urratsak daude, hala nola lurralde elkargoa sortzea eta Europako hizkuntza gutxituen agiria berrestea. Hizkuntza politika eraginkorra plantan ezartzeko lege babesa behar da, eta Frantziak ez du horrelakorik bermatzen. Frantziak hastapenean onartu zituen 39 neurriak biziki apalak dira. Alta, sarreran aitortzen da ofizialki euskara bezalako hizkuntzak erabiltzen ahal direla eremu publikoan. Hollandek urratsak egin beharko ditu. Parlamentuan dauden lege proposamenak onartu beharko dituzte. Legeak lagundu behar du, ez oztopo gehiago sortu. Gauzak mugitu arte Frantzian, badugu zer egin.

Euskalgintzako herri mugimenduak itorik daude ekonomikoki...

Euskara berreskuratu nahi badugu, funtsezkoa da erabakitzaile politikoen eta herri mugimenduen elkarlana. Egin dugun barne inkestan ageri da herri mugimenduek diru laguntza gehiago behar dutela. Eraginkorrak izateko handitzen gara, baina parean ez dago laguntzeko borondaterik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.