Hezkuntzan hirugarrenez greba eginen dute gaur Nafarroan. Hilaren 22koa eta 29koa baino deialdi zabalagoa izanen da gaurkoa, hala ere, funtzio publikoko langile guztiak deitu baitituzte grebara ELA, LAB, CCOO eta CGT-Solidari sindikatuek. Murrizketen aurka eta kalitatezko zerbitzu publikoen alde egingo dituzte protestak, sindikatuon hitzetan.
12:00etan, manifestazioa eginen dute batera, Iruñeko autobus geltoki zaharretik abiatuta. Izanen da bertze ekinaldirik ere. 19:00etan, Herri Ekimenak deituta, Nafarroako Gobernuaren egoitza inguratzeko giza katea eginen dute. Eta, 20:00etan, Nafarroako Kutxaren egoitza nagusiaren aurrean, elkarretaratze zaratatsua eginen du M-15 mugimenduak.
Hezkuntzan, atzo hasi ziren gaurko grebari begira antolatutako ekinaldiak. Nafarroako hamaika ikastetxetan itxialdiak eta batzarrak egin zituzten, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Iruñeko campusean ere kanpaldia hastekoa zuten ilunabarrean. Goizez, bilera egin zuten sindikatuek eta Hezkuntza Departamentuko kideek. Jose Iribas kontseilaria ez zen agertu. Ezta ELAko ordezkaririk ere. LABekoak, berriz, mahaitik alde egin zuen, Nafarroako Gobernuari murrizketak bertan behera uzteko eskatu eta gero. Hezkuntza Departamentuak ez du hori egiteko asmorik agertu, oraingoz. PSNk, berriz, erresoluzio bat aurkeztu du parlamentuan, gobernuari eskatzeko helegitea jar dezala Espainiako Auzitegi Konstituzionalean, murrizketa horien kontra.
Protestak EAEn ere
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bi orduko lanuztea egitera deitu dituzte gaur langile publikoak LABek eta ESK-k, 11:00etatik 13:00etara. Manifestazioak eginen dituzte eguerdian. Arratsalderako ELAk eta EILASek antolatu dituzte martxak.
Funtzio publikoko langileak deitu dituzte grebara gaurko, Nafarroan
Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan bi orduko lanuztea iragarri dute LABek eta ESK-k; 11:00etan izanen da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu