Departamenduetako hauteskundeak eskuinak irabazi dituenetik lehenbizikoz ari dira bozkatzen Pirinio Atlantikoetako aurrekontua, Paueko Nafarroako Parlamentuan. Jean Jacques Lasserre presidenteak azaldu duenez, Frantziako Gobernuak emandako dirua gutxitu egin da, eta hori orekatzeko "eraginkortasuna" eta gastu publiko "justuak" bilatzen saiatu dira eskuin eta zentroko kontseilariak. Xehetasun batzuk aitzinatu dituzte jada: funtzionamendu gastuetan, erraterako, 586 milioi euro ezarriko dituzte, hots, iaz baino 4 milioi euro gutxiago.
Bertzeak bertze, eskola garraioaren laguntzan eginen dute murrizketa. Hemendik aitzina, hain zuzen, gurasoek ordaindu egin beharko dute lehen doakoa zen zerbitzuaren zati bat. Langile publikoen baldintzak ere okertuko direla salatu dute hainbat sindikatu eta eragilek, eta Soziala Arriskuan kolektiboa sortu dute horri kontra egiteko. Taldeak protesta eginen du gaur Baionan, Departamendu Kontseiluaren egoitzaren aitzinean, 12:00etatik 14:00etara.
"Elkartasuna", gora
Lasserrek azpimarratu duenez, aurten "elkartasunerako" laguntzetan diru gehiago ezarriko du departamenduak. Zehazki 322 milioi euro gehiago, hots, aurrekontuaren %56. RSA gutxieneko errenta ordaintzeko da diru hori: departamenduaren eskumen nagusia da.