Duela hamabost urte sortu zen Mirentxin gidarien elkartasun taldea. Egun, 850 boluntariok osatzen dute, bederatzi furgoneta erabiltzen dituzte, eta astebururo abiatzen dira 14 kartzelarako bidaiak egitera, euskal presoen senitarteko eta lagunek bisitaldirik gal ez dezaten.
Baina lan hori "ikusgarri" egiteko unea iritsi dela pentsatzen dute, "sakabanaketa ez baita senide eta lagunen arazoa, euskal jendarte osoarena baizik". Horregatik, furgoneta ibilbidea antolatuko dute maiatzaren 7an, Larrabetzutik 11:00etan abiatu eta Bilboko kaleak zeharkatuko dituena. Arratsalde partean ere kontzertuak, umeentzako ekitaldiak, antzerkia eta bestelako ikuskizunak antolatuko dituzte Larrabetzun.
Sakabanaketaren kaltea pairatzen duten senide eta gertukoei laguntzen jarraitzeko asmoa agertu dute. "Baina, era berean, nekatuta gaudela ere esan nahi dugu. Ez ditugula furgoneta hauek gehiago gidatu nahi, eta egoera horri buelta eman behar diogula", esan dute. Hori irudikatzeko, performance bat antolatu dute Bilboko Arriaga plazan: aizkolari batek furgoneta bat erdibitu du aizkorakadaka, han bildutakoen txaloen artean.