FURGONETATIK. FURGONETATIK

KORRIKA 14. Hutsuneak eta betekadak

jakes goikoetxea
2005eko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Korrikak hutsuneak eta betekadak tartekatzen ditu. Segundo gutxitan, ordu luzeetan. Agerian uzten ditu Euskal Herriaren kontrasteak. Horren adierazgarri nabarmenak izan dira herenegun eta atzo. Hutsunea, esaterako, Angel Berruetarena. Herenegun urtebete hil zuen polizia batek Berrueta bere Iruñeko okindegian, martxoaren 11ko Madrilgo atentatuen zurrunbiloan. Zentzumenen betekada, ordea, Korrikak Iruñean izan zuen parte-hartzearena eta Angel Berruetari bere kalean, Donibanen, egin zioten omenaldiarena.Hutsunea, Itoitzen (Nafarroa). Korrika herenegun pasatu zen ingurutik. Herriak hustu dituzte, urez eta porlanez betetzeko. Herritarren gogoak ez dituzte hustu, ordea. Kilometro batzuk egin zituzten herritarrek, solidarioek, Koordinadorakoek...Hutsunea, duela hiru hamarkada inguru Lakaben (Nafarroa). Herria hustu egin zen. Gazte batzuek, ordea, bete egin zuten, bizia eman zioten, herri egin zuten berriro. Etorkizuna duen herria: herenegun hainbat kilometro egin zituen herrian jaiotako gazteen lehen belaunaldiak. Asko dira. Hutsunea, Mikel Zabalzarena. Donostiako Intxaurrondoko kuartelean torturatu zuten eta Bidasoa ibaian hilda azaldu zen. Haren senideek kilometro bat egin zuten Garraldan (Nafarroa), Korrika guztietan egin ohi duten moduan. Kilometro horretan hutsuneak eta betekadak bat egin zuten: Zabalzaren senideak korrika eta Espainiako Guardia Zibilaren bi patruila lasterketa jarraitzen. Hutsunea eta betekada aldi berean.Hutsunea, Abaurregainan (Nafarroa), Euskal Herriko herririk altuenean: Korrika pasatu zenean, ez berorik, ez argirik (ilargiaren barre laranja baino ez). Biritxenatarrek, ordea, lasterketa berotu eta argitu zuten: 87 urteko amak, alabak eta ilobak egin zuten eurek erositako kilometroa. Hutsunea, Mattinena. Adrenaleukodistrofiak larunbat arratsaldean hil zuen Ostankoako (Nafarroa Beherea) haurra. Haren anaia Enekok ere gaixotasun bera du. Enekok parte hartu du aurtengo Korrikan, gurpildun aulkian, Donapaleun (Nafarroa Beherea).Betekada, Aribeko (Nafarroa) Karmele Galarzarena: Agoitzen (Nafarroa) hartu zuen furgonetako mikrofonoa eta Orbaitzetan (Nafarroa) utzi zuen. Etengabe animatu zituen korrikalariak. Ez ziren korrikalari hutsak, bere ezagun eta herrikideak baizik. Karmeleren kemenak ondo baino hobeto islatzen du Korrikaren muina.Korrikak aurrera dirau. Indarrak husten. Animoa eta bihotza betetzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.