Igandean, hilaren 14an, omenaldia eginen diete Iruñeko Gaztelugibelen 36ko gerran fusilatutako nafarrei. 3.400 inguru izan ziren. Haietako 298 Nafarroako hiriburuan fusilatu zituzten. Nafarroako Fusilatuen Elkarteak denak izanen ditu gogoan igandeko ekitaldian. 12:30ean hasiko da. Fusilatuen senideek hartuko dute hitza, tartean Olimpia Plaza, Julia Otsoa eta Olga Alcega, elkarteko presidentea. Herritarrak deitu dituzte parte hartzera. Marea musika taldeak ere parte hartuko du, bertzeak bertze, eta lore eskaintza eginen dute.
Igandeko omenaldian izanen da, halaber, Aranzadiko Paco Etxeberria. Vianako Printzea sarirako haren hautagaitza aurkeztuko du, hain zuzen ere, senideen elkarteak, Nafarroako fusilatuen gorpuak lurpetik ateratzeko egindako lanagatik. Lan horretan jarraitu ahal izateko erakunde publikoen laguntza funtsezkoa dela nabarmendu du elkarteko buruak, eta agerian utzi du aurten gorpuak bilatzeko eta hobietatik ateratzeko inolako diru laguntzarik ez dutela jaso. "Hau ez da senideen arazoa bakarrik; fusilatuena gizarte osoaren arazoa da, eta konponbidea eman behar zaio", erantsi du elkarteko kide Joseba Ezeolazak. Azken hamar urteotan 216 gorpu atera dituzte lur azpitik Nafarroan, 46 hobitan. Azken gorpuak Urbasan aurkitu zituzten, duela hiru aste. Hiru gorpuren bila hasi ziren lanean, baina hamar bazirela ohartu ziren.