Bruselan eta Errusia gabe batzartuko dira G7 osatzen duten herrialdeak —AEB, Alemania, Kanada, Frantzia, Italia, Japon eta Erresuma Batua—. Hala baieztatu du Europa Press berri agentziak Frantziako diplomazia iturriak aipatuz. Horren arabera, Errusiak ez ditu gainerako herrialdeen "balore sistemak" elkarbanatzen, eta hori jarri dute argudiotzat Errusia bileratik at uzteko.
Sotxin (Errusia) biltzekoak ziren G7koak, eta Errusia bertan parte hartzekoa zen. Krimeako auzian izandako jarrera zigortzeko neurri gisa, esana zuten bilera horretara Errusia ez gonbidatzeko erabakia hartu zezaketela, eta hala egin dute azkenean. Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko presidenteak ere baieztatu egin du berria Twitter bidez.
G-7 leaders to meet again in Brussels in June. G-7 leaders will not participate in Sochi #Ukraine@nss2014
— Herman Van Rompuy (@euHvR) March 24, 2014
Erabakiaren berri jakin aurretik, Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak adierazi du Errusia G8 taldetik ateratzea ez dela "arazo handia". "G8a Mendebaldearen eta Errusiaren arteko elkarrizketarako plataforma zen. Mendebaldeko bazkideek uste badute ez dela G8a mantendu behar, ez dago arazorik biltzen ez bada". Lavroven arabera, Vladimir Putin Errusiako presidenteak "duela hilabeteak" pentsatu zuen bilkura horretara ez joatea, "arrazoi pragmatikoak" tarteko.