ETAk su-eten iraunkor eta egiaztagarria jendaurrean adierazteko eskatu du Brian Currinek, Bruselako Adierazpenaren bultzatzaileak. Baldintza hori betetzean abiatuko du Harremanetarako Nazioarteko Taldeak normalizazio politikoa gauzatzeko definitutako estrategia. Besteak beste, osatutako taldearen bitartez nahi du ezker abertzalearen legeztatzeko bidea zabaltzea, Espainiako Gobernuaren eta ETAren arteko elkarrizketa bultzatzea eta alderdi politikoen mahaia abiaraztea.
Atzo aurkeztu zuen Currinek Harremanetarako Nazioarteko Taldearen eginkizun eta funtzioa. Helburua proiektu politiko guztiak onartuko dituen esparru politikoa sortzea da. «Baliabide demokratikoetan oinarrituta, edozein jatorritako indarkeria edo indarkeria mehatxurik gabea».
Horretarako, ezinbestekotzat jo du Currinek ETAk urrats bat gehiago egitea. « Su-etena iraunkorra, alde bakarrekoa eta egiaztagarria denean abiatuko dugu ETArekiko elkarrizketa, bestela ez». Su-etenari buruz galdetuta, Currinek esan du «desio eta espero» duela, azaroaren amaieran ez bada, Gabonen aurretik iragarriko duela ETAk su-etena. «Ondoren letorkeen egiaztatze prozesuaren amaierak armen desagerpena ekarriko luke, eta Batasunaren legeztatzea ahalbidetzea». Egiaztatze prozesu hori Espainiako Gobernuak bere gain hartu beharko lukeela uste du Currinek, baina ez dela ezinbestekoa.
Alderdien mahaia xede
Currinen hitzetan, ekintzen etenaldia jakinarazten denean alderdi politiko guztiekin akordio bat lortzen saiatuko dira. «Batasuna legeztatuta egon arte, ez da alderdi guztien negoziaziorik egongo».
Adituaren aburuz, ezker abertzalearen politikan ez dago gaur egun indarkeriarik. Horregatik, pentsatzen du politika egiteko bozek irabazi dutela «balen eta bozen arteko borrokan». Eta uste du, legeztatuta egoteko indarkeria kondenatu edo ez eztabaidatik harago, «ezker abertzaleak egin behar duena egingo duela».
Nazioarteko Taldearen eginkizuna zehazteko, gobernu, alderdi politiko eta eragileekin bildu da asteotan. «Gehienek prozesuarekiko jarrera eta konpromiso ireki eta zabala adierazi dute». PPk ez du Currinekin bildu nahi izan. Hori dela eta, nabarmendu du negoziazio prozesua ezin dela blokeatu alderdi politiko baten ausentziagatik. «Ez litzateke demokratikoa izango».
Espetxe politikan aldaketak egin beharra ere aldarrikatu du Currinek. «Garrantzitsua da bakearekin konprometitutako pertsonak, hala nola Arnaldo Otegi, aske egotea, prozesuari ekarpenak egiteko».
Gabon aurretik ETAk menia egiaztagarria ematea desio eta espero du Brian Currinek
Harremanetarako Nazioarteko Taldearen xedeen artean dago ezker abertzalea legeztatzea eta alderdien mahaia osatzeaETAren menia iraunkor eta egiaztagarririk gabe, taldeak ez dio ekingo egitekoari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu