Gabon gauerako metro zerbitzua hitzartu dute

ELAk, CCOOk eta UGTk enpresaren proposamena onartu eta bertan behera utzi dituzte lanuzte deiak

Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2010eko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Bilboko Metroko zuzendaritzak eta langile batzordeko gehiengoak Gabon gauean eskaini beharreko zerbitzua adostu dute. Hala, bertan behera gelditu dira gaurtik larunbatera bitartean metroko langileek egin asmo zituzten ordu batzuetako lanuzteak. Gaur San Tomas eguna denez, gainera, aparteko maiztasuna izango dute trenek, urtero legez.

CCOO eta UGT sindikatuek hasieratik eman zioten oniritzia enpresaren asmoari. ELA kontra egon da betidanik, baina azken proposamen honek iritzia aldarazi dio. Horrek irauli du baiezkora langile batzordeko gehiengoaren botoa. LABek eta CIMek ez dute onartu. ESK-k, berriz, testua sinatu ez arren, gehiengoarekin bat egin du lanuzte deialdia bertan behera uzterakoan.

Bilboko Metroko kontseilari ordezkari Iñaki Pregoren ustetan, sindikatuek orain arte erabakia inposiziotzat hartu izan dute, eta horrek egin dio traba akordioari. «Adostasuna lortzeko bi arrazoi egon dira. Batetik, lan bitartekaritzaren txostenak argi utzi zuen zerbitzua eskaintzea ezinbestekoa dela. Eta, bestetik, Eusko Jaurlaritzak gutxieneko zerbitzuak ezarri zituen lanuzteari erantzunez». San Inaziotik Boluetara arteko geltokietan ordu erdiko maiztasuna ezarri zuen gobernuak, eta gainontzekoetan ordubetekoa. Hala, akordioarekin edo akordiorik gabe, metroak Gabon gauean zerbitzua eskaini behar zuen. Horrek eragin du, Pregoren ustetan, sindikatuek jarrera aldatzea: «Nahiago izan dute lan egingo duten beharginak borondatez joatea, eta ez gutxieneko zerbitzuak betetzera».

Maiztasuna handitu

Gaur-gaurkoz sei gidari daude lan egiteko prest. Aginte postuko behargin kopurua oraindik zehazteke dute. Gainbegiratzaileei dagokienez, ostera, hasiera batean nahikoa aurkeztu baziren ere, lanuzte deialdiaren ondorioz, euren izena zerrendatik kendu dute guztiek. «Behin akordioa sinatuta, berriz izena emango dutela uste dugu».

Langile kopuru horrekin nahikoa dute gutxieneko zerbitzuetan ezarritako maiztasuna parekatzeko. Baina zuzendaritzak espero bezala boluntario gehiago agertuko balira, San Inazio eta Bolueta arteko geltokietatik 20 minututik behin eta gainontzeko geltokietatik 40 minututik behin igaroko lirateke trenak. Edonola ere, hori zehazteko oraindik goiz dela onartu zuen.

Akordioaren arabera, Gabon zahar gauean lan egiten duten beharginek beste kobratuko dute Gabon gauean lan egingo dutenek. Enpresak egindako azken proposamen honek, gainera, ondorengo aldaketa ere jaso du: Gabon gaueko zerbitzuaren hasiera ordu erdi atzeratu dute. Alegia, abenduaren 25eko 00:30ean hasi ordez, 01:00ean hasiko dira trenak martxan. 30 minutuko aldaketa horrek Eguberri eguneko lan txandak hankaz gora ez jartzea ahalbidetuko du.

LAB, CIM eta ESK sindikatuek hasierako jarrerari eutsi diote azken unera arte. «Inoiz ez dugu negoziatu nahi izan zelako zerbitzua eman, ez baitugu zerbitzu hori eman nahi», azaldu dio LABeko Raul Mendezek BERRIAri. Izan ere, gogorarazi dute egun indarrean dagoen lan hitzarmenean ez dela jasotzen Gabon gauean lan egitea.

Bilboko Metroko presidente Ernesto Gascok zoriondu egin ditu ituna onartu duten hiru sindikatuak: «San Tomas egunean eta Gabon gauean metro zerbitzua eskaini ahal izateko egin behar izan duten esfortzua eskertu nahi diet».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.