Hondakin birziklagarriak errausteari atea itxi nahi dio Europako Parlamentuak. Horixe eskatu dio Europako Batzordeari, legedia alda dezala zabortegiak pixkanaka desagerrarazteko eta 2020tik aurrera birzikla daitezkeen gaiak erraustea galarazteko. Aldi berean, parlamentuak ebatzi du ingurumenari kalte egin diezaioketen jarduerak ez direla diruz lagundu behar.
Gaur bozkatutako txostenak 479 parlamentariren babesa jaso du. 66k kontra bozkatu dute, eta 63 abstenitu egin dira. Parlamentariek eskatu diote Europako Batzordeari berriz ere azter ditzala 2020rako ezarritako birziklatze helburuak.
Europako Parlamentuak uste du produktuen diseinua hobeto egiteak onura egiten diela bai ekoizleei eta baita kontsumitzaileei ere. Ildo horretan, energiarekin zerikusirik ez duten produktuen diseinu ekologikoa zabaltzeko eskatu dio Europako Batzordeari, produktuen iraupena handitzea, berrerabiltzea, konpontzea eta birziklatzea posible egiteko. Aldi berean, produktuen etiketek kontsumitzaileei informazioa eman behar diete natur baliabideen erabilerari buruz eta baita haien ingurumen eraginari buruz ere.
Parlamentuak Europako Batasuneko estatuei eskatu die ingurumen fiskalitatea martxan jartzeko.
Izaskun Bilbao EAJko parlamentaria pozik agertu da ebazpenarekin. "Hori da jeltzaleen politika: kudeaketa plan zehatzak martxan jartzea, bideragarri eta errealistak, birziklagarria hobeto berrerabiltzeko eta erabili ezin daitekeena deuseztatzeko".