Elbarritasuna epaitegietan

Gai izateko eskubidea

Nazio Batuek onartutako hitzarmenari segituz, aurreneko aldiz Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak onartu egin dizkio Downen sindromea duen pertsona bati hainbat eskubide, besteak beste boza ematekoa.

mikel lizarralde
2011ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Albistea martxoaren hasieran iritsi zen epai judizial baten bidez. Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak onartu egin zizkion Downen sindromea duen gazte batibotoa emateko, bere soldata kudeatzeko, testamentua egiteko eta ezkontzeko eskubideak. Bere menpeko epaitegi batek, Irungoak, emandako epaia atzera bota zuen horrela. Eta, albistearekin batera, epaia aitzindaria zela zioten iritziak edota elbarritasun psikikoren bat duten pertsonei eskubideak mugatu behar zaizkien zalantzak ere iritsi ziren. Orain arte, epaitegietara eramaten ziren Downen sindrome kasu ia guztiek ezgaitasun osoarekin amaitzen zuten. Oraingoan, ordea,Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak ezgaitasun partziala eman dio 28 urteko gazte bati. Autonomia onartu dio finean.

Ainhoa gazte horren arreba da. Ez du abizena eman nahi, ez duelako bere anaia protagonista gisa ikusi nahi. Baina epaiak anaiaren egoera berean dauden pertsona eta familia guztientzat bide bat ireki behar duela uste du. «Legeak ezgaitasun osoak eta ezgaitasun partzialak jasotzen ditu, baina Downen sindromea duten pertsonei ezgaitasun osoa eman ohi izan diete. Kontuan izan gabe pertsona horren mugak eta gaitasunak. Downen sindromea duela, besterik ez».

Baina zertarako hasten da norbait ezgaitzeko prozesua? David Mayor Gipuzkoako ezgaitasunen fiskalak dioenez, pertsona hori «babestea» da edozein ezgaitasun prozeduraren helburua: «Aztertu behar da pertsona horrek babesa behar duen bere ondasunen eremuan edo esparru pertsonalean. Inork iruzur edo kalte egin ez diezaion. Eta babesa ezgaitasun baten bitartez ematen zaio. Tutore bat izendatzen zaio, eta horrek elbarritasuna duen pertsonari laguntzen dio: ondasunak kudeatzen, osasunaz arduratzen...».

Urtean 300 bat ezgaitasun txostenbideratzen ditu Gipuzkoako Fiskaltzak. Horietako asko pertsona helduenak dira —alzheimerrak edota zahartzaroko dementziak jotakoenak—, eta beste asko buruko gaitzak dituzten pertsonenak. Downen sindromea duten pertsonenak hamalau izan dira azkeneko urtean, eta datu horrek erakusten du familiei «kosta» egiten zaiela pausoa ematea. Batik bat, Downen sindromedunen kasuetan, ezartzen zaien ezgaitasuna osoa izan ohi delako. «Babesaren beharra ikusten dute askotan familiek, baina ez dute jakiten zer egin», dio fiskalak, «badakitelako epaitegira joz gero arriskua dutela ezgaitasun osoa jasotzeko. Eta hori ez dute nahi».

Ainhoak garbi dauka. Gehiegizko babesa babes faltaren parekoa izan daiteke, «batetik eta bestetik pertsona mugatu egiten dugulako». Baina babes bat ere behar dute. «Normalean, senideek abiatzen dute ezgaitasun prozesu bat. 18 urte bete arte, gurasoek dute seme-alaben gaineko ardura, eta adin horretatik aurrera pentsatzekoa da bere buruaren jabe dela pertsona hori. Eta batzuetan behar dituzte babeserako tresnak».

Ainhoaren anaiak 28 urte ditu, eta orain dela gutxira arte ezdute hura ezgaitzeko pausorik eman. Baina etorkizunean egin dakizkiokeen kalteei aurre egiteko prozedura hastea erabaki zuten. Ezgaitasun partziala lortzeko asmoarekin. «Senideok badakigu zertan behar duen laguntza eta zertan den erabat autonomoa.Lanera joaten da, aisialdiaz gozatzen da lagunekin... Bizitza arrunta egiten du, eta horrela izaten jarraitzea nahi genuen». Epaiak ere hori esaten du. Lansaria kudeatzeko erabateko gaitasuna duela. Laguntza eta zaintzea behar duela, baina ez haren ordez erabakiak hartuko dituen inor. «Bere ondarearen gaineko erabaki handi bat hartu behar badu, ordezkari bat behar du dena ondo egiten dela eta haren kontrako ezer egiten ez dela bermatzeko». Ainhoak dioenez, bere anaiak egunero hartzen ditu erabakiak. «Horrek ez du esan nahi erabaki guztiak berak hartu behar dituenik. Agian, egunen batean etxe bat erosi edo saldu nahi du, eta kasu horretan beste norbaitek hartu beharko du azkeneko erabakia, bera ez delako horretarako gai».

Donostiako Caritasek 1990. urtean sortutako fundazioa da Hurkoa, eta babesa behar duten elbarrien arreta eta tutoretza zerbitzua eskaintzen du. Gaur egun, 400 pertsona zaintzen ditu, eta horietatik 240 ingururen tutoretza hartzen du bere gain. Horien artean zahartzaroari lotutako gaixotasunak dituztenak daude (alzheimerra, dementzia) eta baita buruko gaitzak dituzten pertsona gazteak ere. «Pertsona batzuek ez dute babesik izaten, eta kasu askotan ez dute izaten inguruan tutoretza bere gain hartuko duen seniderik. Eta Hurkoak, kasu bakoitza aztertu ondoren, erabakitzen du ezgaitasun juridikoa bultzatzea komeni den ala ez», azaldu du Andikona Uriartek, fundazioko kideak.

Pertsonen babesa eta ezgaitasuna beti elkarren ondoan doazen hitzak dira. «Legeak jasotzen du eskubideak norberak erabiltzeko bi ezaugarri beharrezkoak direla: ulermena eta borondatea. Denok ditugu eskubide zibil eta politikoak, baina ulermenari eta borondateari gaitz batek kalte egin dienean edota murriztuta daudenean, pertsona horrek ezin ditu eskubide horiek bere kasa erabili», dio Uriartek.Babeserako mekanismoa abian jartzen denean, besteak beste, eskubide horiek haren kontra ez erabiltzea lortunahi da, Uriartek dioenez. «Beti egin behar da gaixoaren onura bilatzeko asmoarekin, eta epaitegiaren kontrolpean. Baina garbi dago eskubide batzuk galdu egiten dituela».

Tutoretzak ez duela «izen ona» uste du Uriartek, «baina helburua ez da eskubideak kentzea, baizik eta eskubide horiek babestea. Adingabeak garenean ere gurasoek gure interesak zaintzen dituzten bezala».

Eskubideen hitzarmena

2006ko abenduaren 13an urrats handia egin zuten elbarritasuna duten pertsonen eskubideen alde lan egiten duten elkarteek. Egun hartan Nazio Batuek Pertsona elbarrien Eskubideei Buruzko Hitzarmena onartu zuten. Hitzarmen horrek ez du hitz egiten pertsona ezgaiei buruz, eta edozein pertsonak adina eskubide onartzen dizkie elbarriei. Testua sinatu zuten estatu guztiak —tartean Espainia eta Frantzia— derrigortuta daude haren aginduak betetzera, eta baita beren legediak hitzarmenaren arabera egokitzera.

Oraindik, baina, molde zaharrekin lan egiten dute epaitegietan, David Mayorrek dioenez. Downen sindromea duten pertsonen kasuan behinik behin. «Elbarritasuna dagoela ondorioztatuta, kasuen % 95etan ezgaitasun osoa eman izan zaie. Bi arrazoi nagusirengatik. Batetik, baliabide eskasiak eramaten duelako irtenbide errazena bilatzera. Eta, bestetik, babesik ahalik eta handiena eman nahi zaiolako pertsonari». Modu horretan, pertsona babesteko «helburu bidezkoarekin», bizitza zibiletik atera izan dute, eskubideak kenduta eta tutore bat izendatuta. «Lasai gelditzen ginen, pertsona hori erabat babestuta uzten genuelako».

Nolanahi ere, «XIX. mendetik datorren sistema hori» gaur egun bideraezina dela uste du Mayorrek. Eta babesa pertsona bakoitzaren egoerara egokitu behar da. «Alzheimerra azken fasean duen pertsona baten kasuan, adibidez, ezgaitasun osoa beharrezkoa dela iruditzen zait. Tutore bat behar duela.Baina elbarritasuna partziala bada, ezgaitasunak ere partziala izan beharko du».

Hain zuzen ere, Downen sindromea duten pertsonen egoera paradigmatikoa dela deritzo fiskalak: «Badira elbarritasun larria dutenak, baina badira tartekoa eta arina dutenak ere. Eta ezin dugu berdin jokatu guztiekin, batzuen eta besteen autonomia maila ez delako berdina». Gainera, Mayorren iritziz, Downen sindromea duten pertsonek badute beste elbarritasunen bat dutenengandik bereizten dituen ezaugarri esanguratsu bat: «Downen sindromea aurpegian ikusten da. Eta hori estigma bat da. Orain arte ez dugu arakatu horren atzean, pertsona bakoitzaren partikulartasunean». Ainhoa ere bat dator horrekin, eta epaia pertsona bakoitzera egokitu behar dela uste du: «Pertsona batzuek ez dute inolako autonomiarik eta, agian, ezgaitasun osoa da haientzat egokiena, baina kasuan-kasuan aztertu behar dira».

Buruko gaitza dutenen kasuan, askotan epaiek espresuki adierazten dituzte pertsona gaixoen eskubideak, baita botoa emateko eskubidea gordetzen zaiela ere. Uriartek uste du hori dela bidea. Pertsona bakoitzaren egoera aztertzea: «Epailearen lana da pertsona ezagutzea, ikustea gaixotasunak zer ondorio dituen haren bizitzan eta zertarako gai den adieraztea. Gaitz berak ez duelako berdin eragiten pertsona guztiengan». Ezgaitze prozedura bat «tentu handiz» egin behar dela uste du Hurkoako kideak: «Beharrezkoa denean egin behar da, pertsonarentzat onuragarria denean, bera gai ez denean... baina pentsatu behar dugu, batik bat pertsona gazteengan nolako ondorioak izan ditzakeen».

Botoa emateko eskubidea

Ainhoaren anaia ez da botoa emateko eskubidea duen lehenengo Downen sindromeduna. Ainhoaren anaiak berak lauzpabost aldiz eman du botoa 18 urte bete zituenetik. Ezgaitasun prozedura abiatzearekin batera, ordea, eskubide hori gabe geratzeko arriskua zuen. Eta arrebak, «sinbolikoki» bada ere,oso garrantzitsu deritzo eskubide hori izaten segitzeari. «Zergatik ez du hemendik aurrera bozkatuko? Hauteskunde programa ezagutzen ez duelako? Horrek ez du zentzurik, badakigulako inork ez duela programa ezagutzen. Ezin diegu eskatu adimen urritasuna duten pertsonei besteoi baino gehiago». Mayorrek ere «parte hartzeko» oinarrizko eskubide jotzen du boza. «Askatasun eremuko eskubidea da. Ezin dugu kontrolatu pertsona batek erabat pentsatuta edota arinkeria hutsez eman duen».

Aurora Elosegi epaileak zuzentzen duen Donostiako lehen auzialdiko epaitegiak eman izan ditu ezintasun partzialeko ebazpenak, baina, Mayorrek dioenez, «Elosegiren uste sendoen ondorio izan dira, eta beste epaitegiek ez dute eredu gisa hartu».Gipuzkoako Lurralde Auzitegiaren epaiak, aldiz, bide bat ireki behar duela uste du fiskalak. Gainerako epaitegientzako jurisprudentzia sortzen duela. Batik bat, Fiskaltzak Irungo epaitegiaren ebazpenari helegitea jarri zionean, Nazio Batuen hitzarmena ekarri zuelako gogora: «Hitzarmenak berebiziko garrantzia du, eta epe ertainean hori sinatu duten estatu guztien legedian eragingo du. Akordioa, gainera, indarrean dago, eta, ondorioz, Justiziako parte garen guztiok,legedia haren arabera ulertzera derrigortuak gaude».

Uriarteren iritziz, hitzarmenak orain arteko kontzeptu eta ideia batzuk aldatuko ditu. «Orain arte ezgaitzeaz hitz egiten zuen legediak. Eta hitzarmenak, berriz, babesaz eta laguntzaz. Terminologia aldaketa oso garrantzitsua da. Eta ez du ezgaiez hitz egiten, baizik eta gaitasuna aldatzeko prozedurei buruz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.