Euskara

"Gaia desitxuratzea" aurpegiratu dio Kontseiluak PSE-EEri

Helduen euskalduntzearen matrikulazio kanpainaren erdian halako mezuak igortzea "arbuiagarria" dela dio Kontseiluak.

2016ko irailaren 13a
14:09
Entzun

Hizkuntza politikaren gaiak" hauteskunde kanpainan zentralitatea hartzea beti egin duen eskaera dela ekarri du gogora Kontseiluak, herritarrek jakin beharra dutelako alderdiek zein proposamen eta asmo dituzten. Hala ere, PSE-EEk gaia kanpainaren erdigunean jartzeko modua ez zaio batere gustatu Kontseiluari: "Elementu faltsuekin eraikitako aldarrikapenen xedea sakoneko gaia desitxuratzea besterik ez da".

PSE-EEk atzo zabaldu zuen bideoan adierazten du administrazioan euskaraz ez dakitenei ateak ixten zaizkiela edo kanporatuak direla. Sareratu eta berehala hainbat kritika izan ditu bideoak, eta gaur ere jarraitzen du emariak. Komunikabideetara igorritako ohar batean Kontseiluak salatu du "arbuiagarria" dela helduen alfabetatzeko matrikulazioa irekita dagoenean halako mezuak zabaltzea: "Hori alderdikeriaz jokatzea da; horrelako mezuek herritarrak uxatu besterik ez dute egiten".

Hala, Kontseiluak azpimarratu du euskaraz bizi nahi duten herritarrek eskubidea dutela alderdien asmoen berri izateko: "Zein epetan aurreikusten duten euskaraz bizitzea errealitatea izango dela, noizko izango den doakoa euskara ikastea, noiz izango duten pediatra euskalduna... Galdera horiei erantzun behar diete alderdiek".

PSE-EEk ere erantzun dio sortutako polemikari. Gipuzkoako Kultura diputatu Denis Itxasok azaldu du PSE ez dela "inoiz ezkutatu euskararen erronka handien aurrean"; are, "aurrerapen guztietan" parte hartu duela erantsi du.

Kritikak PSEri

Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak PSEri ohartarazi dio euskara "polemika alderdikoitik kanpo" utzi behar dela, eta gogorarazi du diputazioak "marko bat" ezarria duela euskararen inguruan. "Zilegi" ez delakoan, Olanok esan du ez duela "polemika sustatuko", eta larritzat jo du PSEren bideoa.

Maddalen Iriarte EH Bilduko hautagaiak ere gogor egin zuen atzo arratsaldean Idoia Mendiaren kontra: "Nola liteke elebiduna den batek elebakartasunaren aldeko kanpaina egitea".

Euskara askatasunean, euskararen alde batera leloa jarri dio PSEk sare sozialetan zabaldu duen bideoari. Gazteleraz, hori bai: Euskera en libertad, juntos por el euskera. Musika tragiko bat entzuten den bitartean bideoan ikus daiteke nola herritar bati ezer esan aurretik ez dioten uzten sartzen, adibidez, taberna batean. "Egia da. Euskaraz ez jakiteagatik sartzen ez uztea ez da gertatzen inon Euskadin. Inon, administrazioan izan ezik", esaten du Idoia Mendia lehendakarigaiak gero, gazteleraz beti, Eusko Jaurlaritzaren eraikin bat ikusten den bitartean. Idoia Mendiak dio ustez administrazioan gertatzen den "bidegabekeria" hori amaitzeko konpromisoa hartzen dutela PSEkoek.

Bideoa zabaltzearekin batera, twitterren Idoia Mendiari buruz eta PSE-EEri buruz egindako komentarioek nabarmen egin dute gora, Elhuyarrek eta BERRIAk elkarlanean martxan jarri duten termometroaren arabera. Aipamen horiek negatiboak izan dira gainera, nagusiki. Azken 24 orduetan Idoia Mendiari buruz twitterren euskaraz egin diren komentarioen erdiak negatiboak dira. Bera da, hain justu, sare sozial horretan aipamen gehien izan dituen hautagaia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.