Gaikako bilketa, gorantz, baina mantsoago

Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Ingurumen diputatuaren arabera, lehen seihilekoan hondakinen %50,82 bildu dute banatuta, iaz baino 1,73 puntu gehiago. Atez atekoa utzi duten udalerrietan «ikusgarria» izan da igoera

mikel rodriguez
2016ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Gipuzkoako etxeetako hondakinen gaikako bilketa tasa %50,82 izan da aurtengo urtarriletik ekainera, iaz baino 1,73 puntu handiagoa, Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak atzo jakinarazi zuenez. Haren arabera, atez ateko sistema kendu duten udalerrietan «ikusgarria» izan da igoera. «Analisi politiko argi bat egin behar da arlo horretan. Sistema atseginak ezartzen direnean, herritarren nahiarekin bat datozenak, helburuak betetzen dira azkenean». Dena den, igoerari eutsi arren, 2012tik izandako urtez urteko hazkunde tasa nabarmen apaldu da.

Izan ere, 2012an %33,10 zen gaika bildutako hondakinen tasa, eta urtebetean 4,40 puntu hazi zen; 2014an, berriz, 5,94 puntu, eta 2015ean 5,35, %49,09ra ailegatu arte. Datu horiekin alderatuta, hazkundea apaldu dela igarri da aurtengo lehenbiziko sei hilabeteetan. Hala ere, pozik agertu da Ingurumen diputatua aurkeztu dituen datuekin. Gaikako bilketa arlo guztietan handitu dela adierazi du, beirari dagokionez izan ezik; %75,2tik %73,71ra jaitsi da. «Oso tasa handia da, eta igotzea ez da erraza». Materia organikoaren bilketaren hazkundea nabarmendu du, iazko %29,06tik %37,58ra, eta emaitza zuzenean lotu du atez ateko sistema utzi duten udalerriekin. «Zenbait mankomunitatetan eta zenbait udaletan egin den sistema aldaketak nabarmenki hobetu du datua». Ingurumen diputatuak erran duenez, hamalau dira iaztik atez atekoa utzi duten udalerriak, baina ez du horien garapenaren adibiderik eman nahi izan.

Herriz herri ez, baina mankomunitateka eman ditu datuak. Txingudik izan du igoera handiena, zazpi puntukoa —%38,56tik %45,31ra—; orain arte bilketa tasa txikiena zuen, eta azken-aurrekoa da orain. Haren tokia Debabarrenak hartu du, nahiz eta 1,4 puntu igo —%39,17tik %40,57ra—. Zortzi mankomunitateetatik bitan jaitsi dute bilketa: Tolosaldean—%63,01etik %62,78ra— eta Urola Erdian —%52,46tik %50,67ra—. «Europak jartzen dizkigun helburuak betetzea eskura daukagu», erran du Asensiok.

«Ez da beste zabortegi bat»

Ingurumen diputatuak berretsi du aldundiaren apustua dela organikoa biltzeko borzgarren edukiontziaren sistema hedatzea eta erraustegia eraikitzea. Hilaren bukaerara arte luzatu dute errauste planta eraikitzeko proposamenak jasotzeko lizitazio epea, eta Asensiok espero du urte bukaerarako lanak adjudikatzea. Planta eraiki arte, Mutiloako zabortegia erabili nahi du aldundiak. Hondakin industrialak biltzeko zabortegia denez, egokitu egin beharko dute hiri hondakinak jasotzeko. «Nabarmendu nahi dut ez garela ari beste zabortegi bat irekitzen. Hiru urteren buruan, zabalik segituko duela pentsatzen dut, hondakin industrialak jasotzeko». Bergarako Epele konposta plantari dagokionez, Asensiok adierazi du aldundiaren asmoa dela zabaltzea, baina erran du arazo teknikoengatik oraingoz ezin dutela hori egin. Aitzineko foru gobernuari egotzi dio horien erantzukizuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.