Bilduko eta Aralar-NaBaiko parlamentariek agerraldi bat egin dute Iruñean, Nafarroako egoera politikoaren inguruko balorazioa egiteko. Maiorga Ramirez parlamentariak jakinarazi du EH Bildu harremanetan dagoela eragile politiko, sindikal eta sozialekin, zentsura mozio baten inguruko hainbat gai zehazteko. Halaber, ohartarazi du mozio hori "oposizio osoarena" izango litzatekeela, hura babesten duten alderdi guztiek sinatu ala ez.
"Maiatzaren 25ean bozak izanen dira; ez dago atzera bueltarik", esan du Maiorga Ramirezek, eta gaineratu zein alderdik sinatuko luketen mozioa edo zein izango litzatekeen presidentetzarako hautagaia gai "teknikoak" eta "bigarren mailakoak" direla. "Garrantzitsuena da maiatzaren 25erako bozetara deitzea", adierazi du, UPNren "gobernu eza" amaitzeko.
PSOEko hainbat agintarik EH Bildurekin zentsura mozioa aurkezteko aukera baztertu dutela-eta, Ramirezek nabarmendu du garrantzitsuena ez dela "PSOE edo Bildu, gizartearen aldarria" aintzat hartzea baizik.