euskal presoak

Gaixo dauden presoak askatzeko eta besteak Euskal Herriratzeko ekinaldiak areagotzera deitu du Euskal Preso Politikoen Kolektiboak

BERRIAra igorritako ohar batean, EPPK-k Josu Uribetxebarriaren jarrera eredugarritzat jo du, eta "datozen egunetan senideen babesean egongo delakoan", eten egin du "elkartasun borrokaldia".

2012ko irailaren 6a
20:02
Entzun

Euskal Preso Politikoen Kolektiboak, BERRIAra igorri duen ohar batean, euskal presoak Euskal Herriratzeko ekinaldiak "areagotzeko" eskatu du. Euskal gizarteari eta nazioarteko komunitateari egin dio oharra EPPK-k: "Euskal preso politikoon auzia da prozesuaren barnean konponbidean jarri beharretako bat", dio kolektiboak, eta prozesuan parte hartzea "ezinbesteko" jo dute.

Ekinaldiak areagotzeko eskatzeaz gain, arduradun politikoei "hiltzen utzi nahi duten prozesu politikoa indar berriz sustatzea" galdegin die.

Presoen auzia konpontzeko beharra

Josu Uribetxebarriak ospitaleratu zutenetik izan duen jarrera "eredugarria" dela dio EPPK-k, eta "datozen egunetan senideen babesean egongo delakoan", kolektiboak "elkartasun borrokaldi eredugarria" eten du, "Josu Uribetxebarria kidearen kaleratzea eta presoon auzia konpondu beharra lehen lerroan kokatuz eta gobernuen erantzukizuna agerian utziz".

Presoak Euskal Herriratzeko ekinaldiak areagotzera deitzean, Uribetxebarria, beste hamahiru preso gaixoak eta gainontzeko presoak aipatu ditu taldeak.

"Etsaiaren amarruan erortzeari, uko"

EPPK-k oharrean Espainiako eta Frantziako gobernuen jarrera salatu du, eta nazioarteko komunitatearen "ezespen osoa" eskatzen duela nabarmendu du: "Erronka itsu batean sartu nahi izan gaituzte, izan ditzakeen ondorio lazgarriei jaramonik egin gabe eta baita ere bilatuz, esan genezake".

Hala ere, "amarruan" erortzeari uko egin diotela gaineratu dute. EPPK-k "unean uneko erritmo eta formekin borroka iraunkorrean urrats gehiago ematen" jarraituko duela gaineratu du, "oinarrizko eskakizunak errespetatu arte eta guztiak kaleratu arte".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.