Kalera Kalera dinamikak deituta, Zaballako espetxera (Araba) egin dute Gabonetako lehenengo martxa, Subilla herritik abiatuta. Gogoratu dute kartzela horretan dagoela EPPK Euskal Preso Politikoen kolektiboko kide Txus Martin. Gaixo dago Martin, eta hura eta osasun arazo larriak dituzten gainontzeko presoak aske uzteko eskatu dute. Preso horiek denak “etxean eta bizirik” nahi dituztela azpimarratu dute.
Halaber, dinamikako kideek adierazi dute EPPK-ko 305 presoak Euskal Herritik 750 kilometrora daudela batez beste, eta Gabonak ezin izango dituztela euren senideekin batera pasa. “Aurten ere, mahai askotan hutsune nabarmenak izango ditugu".
"Benetako bakea"
"Bake eta bizikidetzan oinarritutako etorkizuna nahi dugu Euskal Herriarentzat. Ehunka preso eta erbesteratu dauden bitartean, ezin izango dugu esan benetako bakea dugunik”, gaineratu dute.
Espainiak eta Frantziak euskal presoak hurbiltzeko "oztopo fisikorik" ez dutela uste dute Kalera Kalerakoek: azaldu dutenez, bi estatuek "nahikoa" leku dute Zaballako eta Hego Euskal Herriko gainontzeko espetxeetan, eta Mont-de-Marsango espetxean (Landak, Okzitania). EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kideek kartzela horietara hurbiltzea eskatu dute azken hausnarketa prozesuan.
Kalera Kalera dinamikakoek azpimarratu dutenez, "badirudi" presoen hurbilketan eta bestelako neurrietan Frantziako Gobernuak urratsak eman ditzakeela datozen asteetan. Espainiakoak ere aurrerapausoak emateko "ordua" dela deritzote. "Ez dago aitzakiarik krudeltasunari, gorrotoari eta mendekuari eusteko. Borroka armatuaren aitzakiak jada ez du balio".
Hurrengo mobilizazioak
Datorren asteko larunbatean (abenduaren 30ean), manifestazioa egingo dute Iruñean. 18:30ean, autobus geltoki zaharrean hasita.
Eta urteko azken egunean, igandean, elkarretaratzea egingo dute Basauriko espetxean (Bizkaia), 12:00etan. Eta egun berean, martxa bat egingo dute Martutenekora (Gipuzkoa): talde bat Donostiako Epaitegitik (Egia auzoa) abiatuko da, 11:30ean; eta beste bat Hernaniko Zinkoenetik, 10:00etan. 12:00etan egingo dute ekitaldia espetxearen aurrean.