AJE Ameriketako Juristen Elkarteak euskal preso politikoen kasua jasotzen duen idatzizko adierazpena aurkeztu du Nazio Batuen Erakundearen Giza Eskubideen Kontseiluaren 19. batzarrean.
AJE nazioarteko elkartea da, eta NBEren aurrean status kontsultiboa du. A/HRC/19/NGO/33 erreferentzia duen adierazpena kontseiluaren arreta eskatzen duen agiri gisa aurkeztu dute.
“Isolamendu kasuei, urruneko espetxeetan sakabanatuta daudenen kasuei, eta gaixotasun larria dutenen kasuei irtenbidea ematea” eskatu du AJEk. Euskal preso politikoei aplikatzen zaien politika salatu du, eta elkarteak gogora ekarri du “politika hori Eskubide Zibil eta Politikoen Itunaren 10. artikuluko 3. paragrafoaren aurkakoa dela eta, horrez gain, trataera anker eta iraingarria bezala zein familiarteko bizitza izateko eskubidearen aurkako portaera bezala hartua izan daitekeela”.
Gainera, "larriki" gaixo dauden Iñaki Erro eta Txus Martin presoen kasuei aurre egiteko ere eskatu du Ameriketako Juristen Elkarteak, eta horren eskumena duten Espainiako eta Frantziako Gobernuei "bereziki" eskatu die Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren jurisprudentziak ezarritakoa bete dezatela.