Gaixo diren presoak askatzeko eskatu dio Sasoiak Raxoiri

Eskubideen errespetua eta gobernuburuaren kristautasuna erabili ditu jubilatuen taldeak, eskaera zuzena egiteko

Sasoia elkarteko kideek Espainiako Gobenuaren ordezkaritzaren aurrean egindako elkarretaratzea. I. ZABALETA / ARP.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
2012ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Sasoia Nafarroako eretiratuen elkarteak gutun bat igorri dio Mariano Raxoi Espainiako gobernuburuari. Zazpi euskal preso politiko osasunez larri daudela azaldu, eta horiek aska ditzala eskatu dio, gaixo bakoitzaren egoeraren berri emanda. Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariari eman zion atzo gutuna, hark gobernuburuari helaraz diezaion. Aurrez, elkarretaratzea egin zuten ehun bat lagunek gobernu ordezkaritzaren aurrean.

Raxoiri errespetuzko agurra igorri ondoren, erretiratuen elkartearen nondik norakoen berri ematen du gutunak. Duela hiru urte Frantziako eta Espainiako orduko gobernuburuei gutun bana igorri ziela kontatzen du, eta, eskutitz hartan, prest azaldu zirela hamalau euskal presorekin trukea egiteko; hau da, Sasoia elkarteko hamalau erretiratu prest zeudela kartzelara joateko, gaixo zeudenak askatzearen truke.

Frantziako Gobernuak erantzun zion han ez zegoela preso gaixorik. Espainiako Gobernuak ez zuen erantzun ere egin.

Ordutik, elkarteak gogorarazi du zigorra etxean betetzeko aukera eman dietela gaixotasun larriak dituzten hainbat presori. «Baina kartzelak ez du barkatzen, eta, gaur, zazpi euskal preso politikok gaixotasun larriak dituzte», dio gutunean.

Espainiako Estatuan pertsonen arabera «neurgailu desberdinak» daudela ere salatu du elkarteak. Gogorarazi du Rafael Vera eta Rodriguez Galindo azkar batean askatu zituztela gaixo zeudela argudiatuta, eta aspalditik oso larri dauden euskal presoak preso daudela oraindik.

Euskal Herrian «haize berri bat» dabilela ere azaldu diote Raxoiri. «Bakerako urrats atzeraezinak» egiten ari direla alde bakarretik, eta Espainiako Gobernuak ere pausoak eman behar dituela, presoen gaiari helduta.

Hala ere, erretiratuek ohartarazi dute gaixo daudenen egoera ezin dela atzeratu; horien egoera konponezin bihur daitekeela. Hortaz, larri gaixo dauden zazpi euskal preso politikoak berehala askatzeko eskatu diote, giza eskubideen defentsa eta Raxoiren kristautasunagatik hala izango den esperantza azalduta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.