Hamaikabat ez beste alderdi politiko guztiak bildu ziren osoko batzarrean, eta elkarretaratzea egin zuten, ondoren, udaletxe aurrean. Elkarretaratzean, Isabel Velez izan zuten gogoan, ostiralean 14:00 aldera etxe ondoan labankadaz hilda aurkitu zuten emakumea, eta haren senide eta gertukoei «berotasuna» agertu zieten. Eusko Jaurlaritzako Genero Indarkeriaren Biktimak Laguntzeko zuzendaria, Mariola Serrano, bertan izan zen, eta herritarrei eskatu zien gisa horretako erasoen lekuko badira ez «sorgortzeko», salaketa aurkezteko.
Ana Urtxuegia Lasarte-Oriako alkatearen hitzetan, Velezek «bizimodu oso gogorra» izan zuen. Velez haren semeak hil zuen, ustez, eta atxilo hartu zuten ertzainek hilketaren lekuan bertan. Semeak 23 urte ditu, eta izan zuen familiarengandik bereizteko legezko agindu bat, eta buruko osasun arazoak dituela adierazi dute zenbait iturrik. Lasarte-Oriako Udalak kezka horrengatik eskatu ditu neurri bereziak buruko osasun arazoak dituzten pertsonen familiei laguntzeko.
Emakumeen Mundu Martxako Plataformak ere salatu zuen, atzo iluntzean, Velezen hilketa. Elkarretaratzeak egin zituzten Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. ELA sindikatuak bat egin du deialdiekin, eta emakumeen aurkako indarkeriari aurre egitera deitu du. Plataformak beste hainbat herritan ere egin zituen elkarretaratzeak atzo: Arrasaten, Azpeitian, Errenterian, Tolosan, Zarautzen -Gipuzkoa-, Altsasun, Leitzan, Lizarran -Nafarroa-, Algortan, Portugaleten eta Zornotzan -Bizkaia-.
Bikotekide ohiari mehatxu egin eta etxeko gela batean itxi du gizon batek Gasteizen
Hiru gizonezko atxilotu dituzte poliziek azken egunetan, hiru emakumeri tratu txarrak ematea leporatuta. Haietako bat, 41 urteko gizona, bikotekide ohiaren etxera joan zen igandean, eta emakumeari jo egin zion. Sakelako telefonoa hautsi eta etxeko gela batean itxi zuen emakumea. Handik laguntza eskatu zuen andreak, eta ertzainek atxilotu egin zuten gizona.Gasteizen bertan, ostiralean, beste gizonezko bat atxilotu zuen Ertzaintzak, 23 urtekoa. Haren bikotekidea jotzea egotzi diote. 32 urteko andreak aurpegia markatua eta besoan min zuela azaldu du Herrizaingo Sailak. Ertzainak jabetu ziren bikoteak droga zuela etxean. Miatzeko agindua eskuratu, eta 550 gramo haxix aurkitu zituzten. Hargatik, gizonari eta emakumeari, biei, droga trafikoan aritzea egotzi die Ertzaintzak.
Bilbon, bestalde, 22 urteko gizon bat -E. K. N.- atxilotu zuten igandean udaltzainek, bikotekidea lurrera bota eta jo zuelakoan.