Zazpigarrenean ez, iruindarrek hamargarrenean hartzen dute atseden. Izan ere, gaur, uztailak 14, amaituko dira aurtengo sanferminak, eta gauerdian Udaletxeko plazan Gaixoa ni abestiarekin kenduko dituzte zapi gorriak, kandelak eskuan, oraindik ere lepoan daramatenek.
Atzean 520 ekitaldi ofizial eta Peñen Federazioak, Gora Iruñeak eta Oinez txokoak antolatutakoak geratuko dira. Enrique Maia alkateak esango du agurra, eta Gauerdi txarangak jarriko du doinua. Aurretik, Alde Zaharrean arituko da azken bestazaleak jasotzeko asmoz, 22:00etan San Frantzisko plazan hasita.
Tristurak, ordea, ez du gehiegi iraungo. Atsedenaz gain, bihar "gutxiago falta da" esateko garaia iritsiko da; bederatzi egun gutxiago hurrengo urteko sanferminetarako.