EUSKAL PRESOAK

Gaixorik dauden presoak askatzeko mobilizatzen jarraitzeko eskatu du Herrira-k

Arrasaten manifestazioa egin dute arratsaldean. "Uribetxeberria heriotzako itxarongelatik aterako dugu". Datorren asteartean, asteazkenean, ostegunean eta ostiralean ekimenak egingo ditu Herrirak Donostia erietxe atarian.

2012ko abuztuaren 4a
18:43
Entzun

Gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten euskal presoak libre utz ditzatela aldarrikatzeko manifestazioa egin dute gaur arratsaldean Arrasaten, Herrira mugimenduak deituta. Josu Uribetxeberria "hilurren" dagoen presoaren egoera salatu dute eta, halaber, hura "heriotzaren itxarongelatik" berehala ateratzeko galdegin. Beste hamahiru preso daude osasun egoera larrian, Herriraren arabera.

Mobilizatzen jarraitzeko eskatu du. "Uribetxeberria heriotzako itxarongelatik aterako dugu, eta askatu behar ditugu gaixotasun larria duten beste hamahiru presoak ere. Baina, horretarako, bultzaka segitu behar dugu, orain arte egindakoa ez baita aski, eta oraintxe egin behar dugu, egoera hil edo bizikoa baita". Beñat Zarrabeitiak eta Ines Osinagak hitz egin dute mugimenduaren izenean martxaren bukaeran.

Manifestazioan izan dira, besteak beste, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Laura Mintegi EH Bilduren Jaurlaritzako lehendakarigaia, Rufi Etxeberria eta Pernando Barrena ezker abertzaleko kideak, Pello Urizar EAko idazkari nagusia eta Rebeka Ubera Aralarreko Gipuzkoako batzarkidea.

Mintegik Espainiari "salbuespen neurriak" bukatzeko eskatu dio, eta adierazi du politika horren aurrean euskal erakundeek ezin dutela isilik egon.

Hurrengo astean ere mobilizazioak

- Asteartean hamalau orduko ekimena Donostiko ospitalaren atarian, 10:00etatik aurrera.

- Asteazkenean, ostegunean eta ostiralean elkarretaratzea erietxe beraren aurrean, 11:00-12:00ak artean, eragile sozial, politiko eta sindikalekin batera. 

Uribetxeberria asteazkenetik erietxean

Asteazkenetik Donostia erietxean dago Uribetxeberria, minbizia daukala eta. Leongo kartzelatik (Espainia) ekarri zuten, eta Donostiako ospitaletik Zaballako espetxera (Araba) eramango lukete gero.

"2005ean diagnostikatu zioten minbizia eta, horregatik, giltzurrun bat kendu. Handik bi urtera Espainiako Gobernuak ukatu egin zion gaixotasun larriagatiko behin-behineko askatasuna eta, horrela, heriotzara kondenatu zuten", salatu du Herrirak Arrasaten.

Haren arabera, Espainiar Gobernua "neurriz gain erakusten ari da ankerkeria eta giza duintasunen mespretxua" espetxe politika aplikatzean. "Ezin argiago diogu: gaixotasun larriren bat duten hamalau presoei behin-behineko askatasuna ukatuz, gobernua heriotza zigorra aplikatzen ari da".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.