Larritasunagatik aske uzteko eskatu duten presoak
•Jose Ramon Foruria. Basauriko espetxean dago. 60 urte ditu, eta minbizia dauka. 2018an beteko ditu zigorraren hiru laurdenak. 2004an eta 2006an 92. artikulua ezartzeko egindako eskaerak atzera bota zituzten.
•Milagros Ioldi. Langraizko espetxean dago. Nahasmen bipolarra dauka. Hamalau urteko espetxe zigorra ezarri zioten, eta hil honetan zigorraren hiru laurdenak beteko ditu.
•Ibon Iparragirre. Sevillako espetxean dago. Seropositiboa da orain dela hogei urte baino gehiagotik, eta depresio sindromea dauka. 2010ean atxilotu zuten, eta epaiketaren zain dago oraindik.
•Txus Martin Hernando. Soto del Realgo espetxean dago gaur egun. Nahasmen eskizo-afektiboa dauka, delirio osagarriekin. Ia zortzi urte bakarturik egin zituen Frantziako espetxeetan. 2010ean zainak mozten saiatu zen, eta paranoia larriekin jarraitzen du oraindik. 2002an atxilotu bazuten ere, epaiketaren zain jarraitzen du Espainian.
Euskal Herrira ekartzeko eskaera egin dutenak
•Josetxo Arizkuren. Sevillako espetxean dago. Kardiopatia iskemikoa dauka. Ekainean lesio larri bat atzeman zioten bihotzeko hodi batean, eta stent bat ezarri zioten. Aurretik, hiatoko hernia eta espasmo esofagikoa diagnostikatu zizkioten. 1999. urtean atxilotu zuten, eta 30 urteko espetxe zigorra ezarri zioten.
•Jose Angel Biguri. Donostiako Martuteneko espetxean dago une honetan, prostata ebakuntza baten zain. 1989. urtean atxilotu zuten, eta 30 urteko zigorra jarri zioten. 2008an, baina, 2016ra arte luzatu zioten zigorra. 56 urte ditu.
•Inmaculada Berriozabal. Galiziako A Lamako espetxean dago. Hepatitisa, soriasia, hipertentsioa eta asma bronkiala dauzka. 59 urte ditu. 2009an zortzi urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri zioten.
•Iñaki Etxeberria. Zuerako espetxean dago. Fresnesko espetxean zela, erretina hemorragia eta ikusmenaren zorroztasunaren galera diagnostikatu zioten, eta itsu geratzeko arriskua dauka. 1996an atxilotu zuten, Frantzian, eta Espainiako Estatuak 30 urteko espetxe zigorra ezarri zion.
•Gotzone Lopez de Luzuriaga. Martuteneko espetxera ekarri zuten martxoan. Bularreko minbizia dauka. Hemezortzi urte daramatza kartzelan, eta aske egon beharko luke, baina Espainiako Auzitegi Nazionalak iaz erabaki zuen 2019ra arte zigorra luzatzea. Hainbatean ukatu diote baldintzapeko askatasuna.
•Jesus Mari Mendinueta. Albocassereko espetxean dago. Hernia diskala eta inginala dauka; era berean, aldian aldiko prostatisa eta uveitisa diagnostikatu dizkiote. Hogei urte daramatza kartzela; abuztuan irten beharko luke espetxetik.