Kimikako Nobel saria

Gaixotasunei aurre egiteko eboluzioaren printzipioak erabiltzea saritu dute

Frances H. Arnoldek eta George P. Smith eta Gregory P. Winterrek jasoko dute saria. Kimikako Nobela ematen dioten bosgarren emakumea da Arnold.

Sariaren banaketaren une bat. JONAS EKSTROMER (EFE)
2018ko urriaren 3a
15:08
Entzun

Epaimahaiaren arabera, saritutako ikertzaileek «giza eboluzioaren printzipioak erabili dituzte gizadiaren arazo askori irtenbidea  ematen dioten proteinak sortzeko». Besteak beste, sendagaiak, bioerregaiak eta, oro har, «industria kimiko ekologikoago» bat sortzeko.

Botikak sortzeko bioerregaientzako entzimak nola sortu aztertu, eta horiek garatu ditu Arnoldek. Emakumea da, AEBetan jaioa, 1956. urtean. Sariaren erdia berak jasoko du: 435.000 euro.

Beste zatia Smithen eta Winterren artean banatuko dute.

Smithek metodo bat garatu du bakteriak infektatzen dituen birus bat erabili ahal izateko proteina berriak garatzeko. Horien bidez, hainbat sendagai sortu dituzte. Gizonezkoa eta AEBetakoa da Smith, 1941ean sortua.

Winterren ikerketen bidez, berriz, hainbat antigorputz sortu dituzte toxinak indargabetzeko eta gaixotasun autoimmuneak eta minbizi metastasikoak sendatzeko botikak sortzeko. Erresuma Batukoa da Winter, eta 1951. urtean jaio zen.

%2,3 emakumezkoak

1901ean Kimikako Nobela sortu zutenetik, 168 ikerlarik jaso dute saria, eta horietatik lau izan dira emakumezkoak (%2,3). Bosgarrena izango da Arnold.

Ostiralean emango dute Bakearen Nobel saria, eta astelehenean Ekonomiakoa. Aurten ez dute emango Literaturakoa, akademiarekin loturiko Jean-Claude Arnaulten sexu abusuen auzia dela eta. Sariak abenduaren 10ean emango dituzte, Stockholmgo Konserthusen bata eta Osloko udaletxean bestea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.